Nazioarteko Demokraziaren Eguna

Demokraziaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugu gaur. Demokraziaren garrantzia eta balioa berriz aldarrikatzeko aukera da. Demokraziak pertsona guztien oinarrizko eskubide eta askatasunak bermatu behar ditu, korronte populista eta totalitarioen gorakadak, indibidualismoak eta herritarren eta erakunde demokratikoen arteko gero eta urruntze handiagoak markatutako mundu honetan.

Zoritxarrez, gure herrialdean, mendebaldeko gizarte guztietan bezala, horrelako inertziak ere ikusgai dira. Baina ez dugu onartzen, besterik gabe, hori horrela izan behar denik eta buelta eman ezin zaionik. Herritarren ahalduntzea eta komunitate politikoa indartzen jarraitu behar dugu, gure erakunde sistema indartuko duena, gure zerbitzu publikoak hobetuko dituena eta, azken batean, demokrazia sendotuko duena.

Datorren belaunaldia ahalduntzea da Nazio Batuek gaur egun aukeratu duten goiburua, gazteek demokraziaren aurrerabidean duten funtsezko zeregina eta gazteek beren ikuspuntuak erabakietan sartzea bermatzeko beharra azpimarratzeko. Beharrezkoa da gazteen interesa eta inplikazioa piztea, demokraziaren oinarriei eusteko eta erakundeen eta herritarren arteko konfiantza berreskuratzeko. Zalantzarik gabe, ordezkari publikook erantzukizun berezia dugu zeregin horretan.

Azken urteotan, Gipuzkoa demokrazian sakontzeko eta berrikuntza politikoa bultzatzeko lanean ari da, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bidez. Demokrazia ezin dugulako mugatu lau urteko jardunera, demokraziaren balioak etenik gabe defendatu behar ditugu, eta herritarrak politika publikoen parte bihurtzea lortu behar dugu, hainbat deliberazio, eztabaida, prozesu eta ekintzaren bidez. Eta horretan jarraitu behar dugu, dagoena hobetzen eta gehiago egiten, dena beharrezkoa delako.

Demokrazia, besteak beste, pertsona desberdinen arteko parte hartzea eta aitorpena da; demokrazia pluralismoaren kudeaketa da; demokrazia ideien borroka eta eztabaida da; demokrazia erantzunkidetasuna eta etika da; demokrazia akordioetara iristeko prestasuna eta gaitasuna da. Hori guztia demokrazia da, eta bere osotasunean defendatu behar dugu.