Eider Mendoza Larrañaga

Nire bizitzako oroitzapen nagusienetako batzuk Azpeitia, Eibar, Hondarribia eta Donostian kokatzen dira. Gurasoek transmititu didate Gipuzkoarekiko maitasuna, gure lurraldeko hiri, herri eta auzoen izaera propioarekiko errespetua, gure hizkuntza, ohitura eta natura ederrarekiko atxikimendua. Gurasoengandik jaso ditut, baita ere, lanari lotutako balioak. Herria maite dut, herritar ororen duintasunean sinisten dut eta herrigintzak zentzua ematen dio nire bizitzari.

Jarraitu irakurtzen

Nire bizitzako oroitzapen nagusienetako batzuk Azpeitia, Eibar, Hondarribia eta Donostian kokatzen dira. Gurasoek transmititu didate Gipuzkoarekiko maitasuna, gure lurraldeko hiri, herri eta auzoen izaera propioarekiko errespetua, gure hizkuntza, ohitura eta natura ederrarekiko atxikimendua. Gurasoengandik jaso ditut, baita ere, lanari lotutako balioak. Herria maite dut, herritar ororen duintasunean sinisten dut eta herrigintzak zentzua ematen dio nire bizitzari.

Lau seme-alaba gazteren ama naiz. Arduratzen nau belaunaldi berrien geroak. Maite dut itsasoa eta arrauna, animaliak eta abereak ere bai. Irakurzalea naiz eta ahal dudan guztietan lagunekin batera Hondarribia inguruko naturguneetan ibiltzea gustatzen naiz.

Enpresa zientzietan lizentziatua eta nazioarteko merkataritzan aditua, euskara dut ama hizkuntza. Horrez gain, Euskal Herriko hiru hizkuntzak ongi menderatzen ditut, Bidasoaldeko herritar askok bezala. Naturaltasunez bizi ditut mugaz gaindiko harremanak; Iparraldeko erakunde eta eragileekin elkarlanak indartu egiten du Gipuzkoa.

Azken lau urteotan gure lurralde osoa zeharkatu dut alderik alde, kostaldetik barrualderaino, Deba bailaratik Bidasoaraino. Bailara guztietan, aurrez aurre entzun ahal izan ditut herritarren proposamenak, ilusioak, eta, zergatik ez esan, kezkak eta kritikak ere bai. Filtrorik gabe, hutsuneez jabetu eta politikak etenik gabe hobetzeko.

Sinesten dut eguneroko talde lanean, Gipuzkoan abian jarri dugun gobernatzeko modu berrian: guztiekiko errespetuan eta aniztasunean oinarritzen den politikan, herritarrekin helburuak adostu eta erabakimena partekatzen duten erabakietan. Ahalegin horretan buru-belarri saiatu naiz kudeaketan aritzea tokatu zaidanean, Batzar Nagusietako presidente bezala, nahiz Foru Aldundian diputatu gisa azken lau urteotan.

Gustatzen zait berrikuntza, zorroztasunez eta eraginkortasunez gaiak jorratzea, argi hitz egitea. Etxekoek esaten didate saiatua naizela. Ziur asko, sinesten dudan horren alde gogor lan egiten dudalako, buru-belarri konprometitzen naizelako.

Gogor eta zorrotz lan egingo dut aurrerantzean ere. Eraikitzeko gogoz, ilusioz eta anbizioz. Elkarlanean oinarritutako Gipuzkoa aurreratu baten alde. Hori da nire konpromisoa, gure konpromisoa.

 

Gipuzkoak elkarlana erdigunean jartzen asmatu du azken zortzi hauetan, iraganeko eztabaida antzuak gaindituz, lurraldea trabatu zuen paralisiari buelta emanez. Gipuzkoaren modernizaziorako eta ongizaterako funtsezkoak ziren hainbat egitasmo gauzatu ditugu eta, gainera, bidegile gara etorkizuneko ekonomiari eta gizarteari forma emango dioten proiektuak abiarazteko garaian.

Horri guztiari esker, erantzun sendoa eman diogu pandemiari edota Ukrainako inbasioak emandako kolpeari, behar gehien zeukaten herritar eta sektoreak babestuz. Konponbideak bilatzen gure onena eman dugu.

Gaur egun ere, ziurgabetasun handia bizi dugu. Baina argi daukat Gipuzkoa prest dagoela egungo eta etorkizuneko desafioei aurre egiteko. Industria indartsu bat daukagu eta berrikuntzan ere, herrialde aurreratuenen pare gara. Eta ez hori bakarrik: desberdintasun sozial gutxien duen lurraldeetako bat gara Europan. Horregatik, konfiantza osoa daukat Gipuzkoan, gure lurraldean azken urteotan garatu dugun elkarlan ereduan, komunitate bezala dugun indarrean.

Orain, Gipuzkoari bultzada berri bat emateko garaia da. Gure enpresak etorkizunera begira indartu eta kalitatezko lanpostuak sortzeko; pertsona guztien ongizatea babesteko eta gure aiton-amonak zaintzeko ekimen aitzindariak hedatzeko. Eraikitzeko gogoz eta berrikuntzarako ilusioz. Hori da gure konpromisoa, Gipuzkoari ekarpena egin nahi dion belaunaldi berri baten konpromisoa. Etorkizunera begira, norabide argi batekin eta atzerapausorik gabe, Gipuzkoak aurrera egiteko.

EIDER MENDOZA LARRAÑAGA
GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIA

Xabier Ezeizabarrena Saenz

1970ean jaio zen donostiar bat naiz. Haurtzaroa eta gaztaroa Donostia, Madril eta Erresuma Batuaren artean pasa nituen. EHUn zuzenbidea ikasi eta 2005. urtean doktoretza lortu nuen. Nire espezialitatea Ingurumen Zuzenbidea da, txikitatik harreman sakon eta berezia izan baitut mendiekin eta itsasoarekin. Egun, emaztearekin eta hiru seme-alabekin egiten ditut naturara txangoak.

Irakasle bisitaria izan naiz Oxford eta Edinburgoko unibertsitateetan eta, politika egitearekin batera, EHU eta Deustun Administrazio Zuzenbidea eta Ingurumen Zuzenbidea irakasten ditut.

Urteak daramatzat ingurumenaren arloan lan egiten eta ziur nago gai honek politika publikoetan gero eta presentzia handiagoa izango duela, ezinbesteko erronka baita gizartearentzat.

Maria Eugenia Arrizabalaga Olaizola

Zumaiarra, Zuzenbidean lizentziatua, Zumaiako zinegotzi eta alkate izana, 2009tik 2015era legebiltzarkide eta Gipuzko Buru Batzarreko kide. 2015etik geroztik Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ-PNVren bozeramailea naiz. Ondoren, 2016an, Euzkadi Buru Batzarreko kide aukeratu ninduten.

Ikusten denez, nirea politika da, herrigintza, egunerokotasunean eragitea, hobe beharrez beti ere eta… hanka sartzeko arriskutik libre, inoiz ez.

Nire asmo, ilusio eta itxaropena? Elkarrekin, behingoz gure artean konpontzen asmatuz, Euskadi pertsona librez osatutako Herri askea izatera eramango dugula.

Olatz Peon Ormazabal

Olatz Peon Ormazabal naiz, tolosarra eta lau alaben ama. Irakurtzea eta kirola egitea gustuko ditut, bereziki mendian ibiltzea. Gizarte Langintza ikasketak egin nituen UPV/EHUn eta betidanik izan dut gizarte alorreko gaiekiko eta bereziki zaurgarritasun egoeran dauden pertsonekiko begirunea.

Urteak daramatzat herrigintzan, zinez sinesten dudalako gure herrian, politikan eta Eusko Alderdi Jeltzalean. Azken bi legealdietan Tolosako alkatea izateko ardura eta erronkari eutsi diot, guztientzat eta guztien alde lan egiteko konpromisoarekin, gure herriak aurrera egiten jarraitu dezan, etorkizuna herritarrekin eraikitzeko helburuarekin.

EAJ-PNVk azken urteotan egindako lanari esker egun lurralde parekideagoa, orekatuagoa, jasangarriagoa eta oinarrizko gizarte zerbitzuak bermatua dituena dugu.