EAJ-PNVk datozen hamarkadetako aldaketa sozialei erantzuna emango dien bide-orria aurkeztu du.

(Ikusi bideoa) Biztanleriaren proiekzioek aurreratzen dutenez, 65 urtetik gorakoen populazio taldeak hazten jarraituko du 2040ko hamarkadara arte. Aurreikuspen horiek oinarri hartuta, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusigaiak gaur goizean iragarri du EAJ-PNVren taldeak zainketa-eredu berrirako trantsizioa burutuko duela, eta ibilbide orri argia duela demografiaren bilakaerak epe luzera eskatuko dituen azpiegiturak eta zerbitzuak gauzatzeko. Horretarako, gizarte-inbertsioa handitzearen eta sistemaren jasangarritasunaren ikuspegitik bideragarria izatearen aldeko apustua egin du. “Badakigu nora goazen, zer egin behar dugun, nola egingo dugun eta zer behar izango ditugun”, zehaztu du Mendozak.

Azpiegitura eta zerbitzuetako etorkizuneko eskariak bat egingo du adineko pertsonen, mendekotasuna dutenen eta profil gero eta konplexuagoak dituztenen kopuruaren hazkunde esponentzialarekin. Gaur egun, lau gipuzkoarretik batek 65 urte baino gehiago ditu, eta 20 urte barru, hirutik bat izango direla kalkulatzen da. Egoera horren aurrean, hautagaiak ohartarazi du “erronka kolektibo itzela” dela, eta zaintzarako azpiegitura eta zerbitzuak ia bikoztu beharko direla. Gaineratu du pertsonak zaintzen jarraitu ahal izateko, “ekonomia sendotzen jarraituko dugu, eta bide-orri argia daukagu horretarako: EAJ-PNVn denok zaintzeko konpromisoa hartzen dugu eta badakigu nola egin”.

Eider Mendoza 18 gizarte erakundetako eta hirugarren sektoreko ordezkariekin bildu da gaur goizean, Gipuzkoak datozen urteetan gizarte zerbitzuak unean uneko beharretara egokitzeko egingo duen bidea aztertzeko. Horretarako, EAJ-PNVk horren inguruan diseinatu duen ibilbide-orria partekatu nahi izan du hautagaiak, sei ardatzetatik abiatuta zainketa-ereduaren trantsizioa gauzatzea ahalbidetuko duena.

1.- Pertsona erdigunean kokatzen duen zaintza eredu berritzailearen garapena babes sare osoan.

2.- Adineko pertsonen eta menpekotasuna dutenen kalitatezko zaintzaren bermea.

3.- Gizarte zerbitzuen lurralde oreka eta gertutasuna.

4.- Gipuzkoaren indar komunitarioa.

5.- Berrikuntza etorkizuneko gizarte sarearen oinarri.

6.- Gizarte zerbitzuen ebaluazioa eta bideragarritasuna.

Pertsona ororen ongizatea bermatuko duten gizarte politikak

Hautagaiak gogorarazi duenez, trantsizio demografikoa da, hain zuzen ere, Gipuzkoak gaur egun duen erronka “garrantzitsu eta konplexuenetako bat”, eta, ondorioz, adinekoen eta mendekotasuna duten pertsonen zaintzak garrantzi berezia izan du, hautagaiak zehaztu duenez, “azken urteotan Gipuzkoako Foru Aldundian egin dugun lanarekin erakutsi dugun bezala”. Hala ere, ez da gizarte arloan landu beharreko erronka bakarra: “Gizarteratzea eta laneratzea, desgaitasuna duten pertsonen zaintza, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta edo haurren babesgabetasuna dira gure jardueren oinarria”.

Gipuzkoak bide-orri zehatz eta partekatua du datorren hamarkadarako, Gipuzkoa 2020>2030 Agenda, helburu duena pertsona guztientzako kalitatezko zaintza bermatzeko beharrezko jarduketa guztiak gauzatzea. Gainera, hautagaiak azpimarratu du “fokua are gehiago zabaldu behar dugula, eta 2030-2040 plangintza garatu”. “Biztanleriaren zahartzea errealitate bat da, gero eta biztanle gehiago izango gara eta gero eta zaharragoak, eta beharrizan konplexuagoak izango ditugu. Horregatik, prest egon behar dugu, eta aurrea hartzea funtsezkoa izango da erronkak aukera bihurtzeko eta pertsona guztien ongizatea bermatzeko”, zehaztu du.

Proposamen horren bidez, Eider Mendozak sektorearekin partekatu ditu “datozen hamarkadetan gizarte gisa izango ditugun erronkak, aukerak eta zailtasunak”, eta aprobetxatu du Gipuzkoan gizarte-erakundeek eta hirugarren sektorekoek egiten duten lana eskertzeko eta goraipatzeko. Ildo horretan, babes sozialeko politiken kudeaketa aurreratua aldarrikatu du, eta sistema indartzen jarraitzeko beharra nabarmendu du: “Norabide argia dugu, eta sektore osoaren eskutik egingo dugu aurrera”.