EAJ-PNVk pertsonarik onenak aurkeztu ditu Aldundiak eta Udalak “ondo gobernatuta egon daitezen eta hiritarren bizi kalitatea gero eta hobea izan dadin”
2.500 alderdikide eta alderdizaleren artean, jeltzaleek gaur aurkeztu dituzte BECen Maiatzaren 28ko Udal eta Foru Hauteskundeetarako hautagaiak. “Gurea ez da lidergo unipertsonalen alderdia. Guk ez dugu ‘oilarrik’ aukeratzen, herriko plazan edo Legebiltzarrean beste ‘oilar’ batekin topeka egin dezan. EAJ-PNVren baitan gauzak bestela doaz, alderantziz egiten dira. Garrantzitsuena kolektiboa da, taldea, eta egin behar dugun lana: ahalik eta emaitzarik onenak lortzea gure Aldundiak eta udalak ondo gobernatuta egon daitezen, eskurik onenetan egon daitezen eta herritarren bizi kalitatea gero eta hobea izan dadin, zerbitzu publikoak gero eta hobeak izan daitezen. Sekula ez dugu begien bistatik galdu, eta ez dugu galduko ere, hemen zertarako gauden: bada, hemen gaude jendearen zerbitzura lan egiteko”.
Hauxe izan da Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, gaur BECen batu diren 700 hautagaiei eta 2.500 bat alderdikide eta alderdizaleei maiatzaren 28ko Udal eta Foru Hauteskundeetarako hautagai jeltzaleen aurkezpen ekitaldian zabaldu nahi izan dien mezua. Ortuzarrez gain hitz egin du bertan Iñigo Urkullu Lehendakariak, zeinak herritarren zerbitzura lan egitearen ideia aldarrikatu baitu. “Egunero da gure helburua lortzeko egun aproposa: pertsona bakoitzaren bizi kalitatea hobetzea, herri, hiri eta herrialde hobea egitea, gure lanean eta kudeaketan eredugarri izatea”, baieztatu du Lehendakariak. Ortuzar eta Urkullurekin batera, ekitaldian hitz egin dute Hegoaldeko lau Herrialdeetatik etorri diren EAJ-PNVren 16 hautagaik. Topaketa amaitu da Ortuzarrek berak dinamizatu duen elkarrizketarekin hiru Foru Aldundietarako hautagaien eta EAEko hiriburuetako alkategaien artean: Elixabete Etxanobe (Bizkaia), Eider Mendoza (Gipuzkoa), Ramiro González (Araba), Juan Mari Aburto (Bilbao), Eneko Goia (Donostia) eta Beatriz Artolazabal (Vitoria-Gasteiz). Halaber, ekitaldian aurkeztu dute EAJ-PNVk aurre-kanpainan eramango duen goiburua, ‘Aurrera egiteko’. Mezu hau eramango du talde jeltzaleak hauteskunde kanpaina hasi arte, maiatzaren 11ra arte.
Ortuzarrek azaldu du hamasei hautagaiei ahotsa ematean EAJ-PNVk bilatu duela “EAJ-PNVren benetako dimentsioa erakustea: euskal herrialde guztietan duen presentzia, sigla baten inguruan adin ezberdinetako emakumeak eta gizonak batzeko daukagun gaitasuna agertu nahi izan dugu. Bakoitza bere bizimodu eta lanbidearekin. Batzuk dira herri txikietakoak eta beste hainbat hiri handietakoak. Baina hiru elementu dira guztiok batzen gaituztenak: herri baten parte gara, Euskal Herria, eta konpromiso sendoa dugu denok herri horrekin; herria eta konpromisoa dira, beraz, lehen bi elementuak. Ilusioa da hirugarrena. Ilusio handia, gure herria, Euskadi, Euskal Herria, gero eta askeagoa izan dadin. Gero eta bizimodu hobea izan dezagun. Herria, konpromisoa eta ilusioa”.
Eider Mendozak, Gipuzkoako Ahaldun Nagusirako hautagaiak, baieztatu du erantzukizunez hartzen duela Markel Olanoren lekukoa jasotzeko ardura, eta egungo Ahaldun Nagusiak azken legealdi bietan egin duen lana balioesteko aprobetxatu du. “Orain, guri dagokigu, gure belaunaldiari. Konpromisoa hartzea dagokigu, bai eta gure Herrialdearen etorkizuna erakintzen jarraitzeko eta Gipuzkoa aurrera eramateko ardura hartzea ere”, aldarrikatu du. “Aurretik ditugu lau urte eder, Pasaiako badiaren berroneratze lanak amaitzeko eta Adinberri zahartze osasungarrirako zentroa bezalako proiektu sendoak aurrera eramateko”, gaineratu du Mendozak.