Eider Mendoza: “EAJ-PNVk programa ekonomiko sendo, eraginkor eta serioa aurkezten du”.

Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako lurraldeko lau barrutietako zerrendaburuek, Xabier Ezeizabarrena Saenz, Maria Eugenia Arrizabalaga Olaizola, Olatz Peon Ormazabal eta Eider Mendoza Larrañagak, diputatu nagusigai era badenak; “Gipuzkoari bultzada berri bat emateko” EAJ-PNVk hartuko dituen konpromisoen berri eman dute Bergaran. Mikel Lete Txintxurreta, Bergarako EAJ-PNVren alkategaiak ere hartu du parte ekitaldian. Horretarako, maiatzaren 28ko hitzordurako 11 egun geratzen diren honetan, partaidetzarako deia egin dute eta elkarlana eta balio komunitarioak berreskuratzearen beharra azpimarratu dute,  Munibe plazan alderdikide eta herritarren aurrean egindako ekitaldian. Gipuzkoa “lurralde aurreratua, aurrerakoia eta orekatua” dela nabarmendu dute hautagaiek eta ekonomian, industrian edota zaintzan zein gizarte babesean hartuko dituzten konpromiso zehatzen berri eman dute. Ekitaldia minutu bateko isilunearekin hasi da, arratsaldean Orion izandako krimen matxistaren biktimari elkartasuna adierazteko eta gertaera hori gaitzesteko.

Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusigaiak, aurrera egiteko eta etorkizunari begira jarraitzeko azken zortzi urteetan egindako aurrerapenean jarri du azpimarra eta ekonomia “sendo eta lehiakor” baten alde egiteko, EAJ-PNVren ereduaren sendotasuna defendatu du. “Bide-orri zehatz bat, lehentasun definituak eta neurri konkretuak, 100 guztira, eskaintzen dizkiegu herritarrei; familien ekonomia babestuko dutenak eta enpleguaren sorreran eragin, erakundeetatik aberastasuna sortzen lagundu eta banatuko duena”. Horrela, EAJ-PNVk “programa ekonomiko sendo, eraginkor eta serio bat aurkezten die Gipuzkoako herritarrei, biharko ekonomia eraikitzen jarraitzeko, gure seme-alaben ongizatearen oinarri izango dena”. Honen aurrean, “indefinizioan galtzen den EH Bilduren proposamena” kontrajarri du Mendozak, “hamarkadaz hamarkada beste gauza batzuetan egon eta gero, orain ekonomia nola antolatu behar den esateko lezioak ematen” daudenak, “enpresekin kontatu gabe, berrikuntzari hegoak moztuz eta kalitatezko enplegua sortu gabe”. Beraz, maiatzaren 28an, herritarrek bi eredu sozioekonomikoren artean hautatu beharko dutela zehaztu du diputatu nagusigaiak.

Honen harira, eredu eta estiloen arteko hautuan ere jarri du azpimarra Mikel Lete alkategaiak eta agindu du, herri eraikuntzaren eta elkarlanaren aldeko apustia izango dela beraiena: “EAJren estiloa ekarriko dugu Bergarara, herria entzuten duena, erabakiak hartzen dituena eta proiektu garrantzitsuak martxan jartzeko gaitasuna duena”.

Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek, EAJ-PNVren proiektuari “ilusioaren motorra gehitzeko” deiarekin ekin dio bere hitzaldiari, hau da, balore komunitarioekin eta inor atzean utzi gabe aurrera egiteko proiektu batekin, “baloreak eta eskubideak uztartuko dituen proiektu bat”, hain zuzen. Gainera, autogobernuan sakontzeko dei argia ere egin du buruzagi jeltzaleak, behar-beharrezkotzat jotzen baitu estatu-egiturak landu eta eraikitzea, “gehiengo politiko eta sozialen eskutik”. Konpromisoaz hitz eginda, hortaz, politikan konponbideak eta lidergo konpartituak lortzeko egon behar dela defendatu du. “Iragan eraikitzailea izan dugun moduan, etorkizunean ere, helburu egingarriak finkatzen, nora goazen zehazten eta nola egin behar badakien proiektua da EAJ-PNVrena”.

Deba-Urola barrutiko zerrendaburuak hartu du hitz ostean, alderdiaren eta alderdikideen konpromiso politikoari balioa emateko, “abertzale gisa eta Euskadirekin eta herritarrekin” duten konpromisoa, hain zuen, “behetik gora, herriz herri, lurraldez lurralde”, aberrigintzan. Halaber, EAJrena abertzaletasun aurrerakoia dela azaldu du, “Espainiako konfrontazio logikan murgilduta dabiltzanen aurrean”. Horrekin batera, Gipuzkoa euskaldun gehien dituen lurraldea dela gogorarazi du Arrizabalagak eta, ondorioz, “etorkizunean ere EAJ-PNVko udal eta foru hautetsiek euskararen alde ahaleginean jarraitzeko” hitza eman du.

Ezeizabarrenak, bere aldetik, euskal foraltasunean Bergarak duen sinbolismoa gogora ekarri nahi izan du Batzar Nagusietarako hauteskunde hauetan. Horretarako, Irujoren hitzei helduz, “Bergarako besarkada gure askatasun politikoak deuseztatzeko engainua” izan zela aldarrikatu du Donostialdeko barrutiko zerrendaburuak, gogoraraziz foraltasuna arlo askotako kudeaketa eta eskumenak ere badirela. Hori dela eta, maiatzaren 28an bi aukera daudela: “EH Bilduk 2011-2015ean hondakinekin egin zuen politika kaotikora itzultzea edo arazoak konpontzea, EAJ-PNVk bere kudeaketarekin 2015etik gaur egunera arte egin duen bezala”. Kudeaketari balioa emateko bigarren adibide gisa, Ezeizabarrenak kamioientzako bidesarien gaia mahai-gaineratu du, galdera bat luzatuz: “Non zegoen EH Bildu Gipuzkoako Batzar Nagusietan, konponbideak bilatu nahi zituen bidesarien hirugarren Foru Araua bozkatu zenean?”. EH Bildu “PPrekin eta Podemos-ekin, ezezkoa ematen”, zegoela erantzun du Ezeizabarrenak. Laburbilduz, “konponbideak eta etorkizuna” eskaintzen ditu EAJ-PNVk haren hitzetan, “iraganaren eta paralisiaren aurrean”.

Azkenik, Olatz Peonek gizarte babesa “lehentasun eta giltzarri” gisa kokatu du etorkizunari begira eta “pertsona erdigunean jarriz, gaurko eta biharko babes soziala herritar guztiei, modu berritzaileen bidez eta komunitatearen partaidetzarekin bermatzeko” konpromisoa berretsi du. Horretarako proposamen zehatzez osatutako ibilbide-orria prest dutela azaldu du: “zaintza pertsonalizatuak eskaintzeko, nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko, buru osasuna zaintzeko  eta bizitza ohitura osasungarriak sustatzeko”.  “Euskal gizartea gero eta berdinzaleagoa, elkartuagoa eta solidarioagoa eraikitzea da eta izango da gure helburu nagusia”, agindu du.