Enbor beretik

Amak hala eskatuta, jatetxeko sukaldean lanean hasi zen Hilario Arbelaitz orain dela 52 urte. Eusebio anaia, berriz, jangelako arretara bideratu zuen amak. Hamar urte beranduago ekin zion Joxe Marik, baita ere, jaki, pertz eta zartagin arteko lanari.

Ezaguna da hortik aurrera egindako bidea: Oiartzungo baserririk zaharrenean, Garbunon, izeba Angeles, Rosario eta Maria amarengandik jasotako sukaldaritza etenik gabe eguneratzen jakin dute Zuberoa jatetxean. Mundu osoko bezeroen eta euskal herritarron maitasuna jaso dute ordainetan.
Aste honetan omenaldi sentitua eskaini diogu Hilariori Basque Culinary Center-en, lagun, lankide eta sukaldari gaztez beteta zegoen areto batean. Ondo merezitakoa, ederra.

Zuberoaren itxiera iragarri ondoren emandako elkarrizketa batean irakurri diot Hilariori gustuko duela ‘Eman ta zabal zazu munduan fruitua’ esaldia. “Ez badiogu gureari eusten, ez badugu, edonon gaudela ere, guretik erakusten eta ematen, ezer gutxi egin ahalko dugu mundu honetan”.
Eskuzabaltasunez, beren jakintza eta balioak transmititu dizkiote arbelaiztarrek etxean hartu izan dituzten ikasle eta sukaldari berriei. Familia oso baten ezagutza eta balioak.

Korporazio eta kate handien aroan, Zuberoak –eta gainontzeko euskal sukaldarien lanak– erakutsi digute zer nolako indarra daukan horrelako jatetxe familiar batek. Zer nolako indarra daukan egunero-egunero ondo egindako lanak, sustraietatik abiatuz egindako berrikuntzak. Zer nolako indarra eduki dezakeen, besteak beste, gure izaeraren, hizkuntzaren, tokiko ekonomiaren edota bizikidetzaren garapenean.
Beste oiartzuar handi batek idatzi eta abestu zuen moduan, “enbor beretik sortuko dira besteak”. Lurralde eta herri gisa, elkarlanean aurre egin beharreko desafioa dugu honako hau ere: euskal sukaldaritzaren urrezko belaunaldiak jarritako oinarri sendoak gure egin, haien irakaspenei eutsi, eta belaunaldi berriek beren bidea egin dezaten baldintzak sortzea. Etengabe berrituz, etengabe hobetuz, dagoeneko Gipuzkoan sukaldari gazte asko eta asko egiten ari diren moduan.
Hori izango da Hilariori eta euskal sukaldaritzari egin diezaiokegun omenaldirik onena.

Eskerrik asko eta zorterik onena, aurrerantzean ere, Zuberoako maisuei!