Euskal Eurohiriaren lehendakaritza hartu dut

Mugaz gaindiko agentzia garatzeko eta indartzeko “konpromiso irmoa” berretsi du Foru Aldundiak. Makroeskualde Atlantikoaren baitan “giltzarri” izango den Bidasoaz gaindiko eremuan, euskal erakundeen arteko elkarlanean sakontzeko “urrats berriak eta ausartak” ematera dei egin du Mendozak.

Baiona-Donostia Euskal Eurohiria garatzen eta indartzen jarraitzeko “konpromiso irmoa” berretsi du gaur goizean Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, Euskal Hirigune Elkargoko presidente Jean-René Etchegarayren eskutik mugaz gaindiko agentziaren lehendakaritza hartzearekin bat. Baionako Udaleko pleno aretoak hartu duen batzar orokorrean egindako adierazpenetan, Bidasoaz gaindiko euskal erakundeen arteko elkarlanean sakonduz, “urrats berriak, urrats ausartak” ematera dei egin du diputatu nagusiak, ahalegin bateratu horrek “komunitate, lurralde nahiz herri gisa indartu egiten gaituelako, egungo mundu ezegonkorrean”.

Ahalegin “partekatu” horretan, “elkarlana estutzen” jarraitzeko konpromisoa eskertu die Mendozak mugaz gaindiko agentziako partaide diren tokiko erakunde guztiei. Gaineratu duenez, Eusko Jaurlaritzak proposatzen duen Makroeskualde Atlantikoaren sorreraren baitan, “ikuspegi askotatik giltzarri” izango den eremua hartzen du Eurohiriak eta ildo horretatik sortuko diren “aukerak probestu eta egitasmo berriak” lantzeko prestutasuna azaldu du.

“Gure hizkuntzari, gizarteari eta izaera berari lotutako balioak partekatzen ditugu; baina, baita ere, egungo mundu ziurgabean eta ezegongorrean, Bidasoaz gaindiko euskal lurraldeak indartu nahi ditugu. Elkarlanean aukera berriak bilatu eta herritarren ongizatea indartu. Horrekin batera, Europa aurreratu, demokratiko eta bidezko baten etorkizuna bermatzeko ekarpena egiten dugu”, adierazi du diputatu nagusiak. Horrela, mugaz gaindiko erakundeen arteko elkarlana bultzatzeko garaian, Gipuzkoako Foru Aldundiak “lankidetza-eragile” izateko “determinazioa” duela azpimarratu du eta horretan diputatu nagusi bezala inplikatuta jarraituko duela aurreratu du.

Euskal Eurohiriaren batzarra Baionako Herriko Etxearen pleno aretoan egin da. Bertan izan dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, diputatu nagusiaz gain, Felix Urkola, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako foru diputatua, eta Unai Andueza, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektue Estrategikoetako diputatua. Euskal Hirigune Elkargoaren izenean, Jean-René Etchegaray presidentea eta Baionako alkatea; Maider Arosteguy, Miarritzeko alkatea eta Elkargoko lehendakariordea; Bernard Elhorga, Senpereko alkate eta Elkargoko lehendakariordea; Joseba Erremundeguy, Baionako zinegotzi eta Elkargoko kontseilaria; eta Nicolas Alquie, Baionako zinegotzi eta Elkargoko kontseilaria, besteak beste. Donostiako Udaletik Olatz Yarza alkateordeak hartu du parte eta, horrez gain, batzarrean izan dira Pasaiako alkate Teo Alberro, Oiartzungo alkate Joana Mendiburu, nahiz, hurrenez hurren Irungo eta Hondarribiko alkate Cristina Laborda eta Igor Enparan, Bidasoa-Txingudi Kontsortzioaren izenean.

Batzarrean onartu dute 2025eko ekintza memoria eta datorren urte honetako ekintza plana, zeinetan nabarmentzen diren Eurohiriaren ibilbide orri estrategikoan kokatutako ardatzei –gobernantza eraldatzailea eta ikuspegi partekatua; euskarak batzen duen mugaz gaindiko komunitate bizia; eta garapen jasangarria– dagozkien ekimenak. Hala, mugaz gaindiko agentziak 2026rako onartu dituen egitasmoen artean daude mugaz gaindiko dantza-sektorea egituratzea helburu duen DOBLA proiektua, Malandain Balletak gidatua; Bidasoaz gaindiko eskema politiko-instituzionalaren ezagutzan eta dibulgazioan sakontzeko uda ikastaroaren antolakuntza; eta ‘Eusko’ euskal monetaren garapenaren inguruko proiektu pilotuaren sustapena.

Batzarraren ostean, diputatu nagusiak Bonnat-Helleu museo berritua ezagutzeko parada izan du, Eurohiriko gainontzeko kideekin batera. Ondoren, Gipuzkoa, Nafarroa eta Baionako merkatal ganberak batzen dituen Bihartean elkargoko ordezkariekin bilera egin du Aldudiko ordezkaritzak, ekononomiaren ikuspegitik gure lurraldea egiten ari den apustuak partekatu eta etorkizunera begirako elkarlan eremu berriak lantze aldera.