Hizkuntzen Europako Eguna
Milaka urte dituen altxorra daukagu Europaren bihotzean, Euskal Herrian. Gure hizkuntza da, mendeetan zehar bizirik mantentzea lortu duguna. Gaur, Hizkuntzen Europako Egunean, Europako hiritar garen heinean, erakunde komunitarioetan euskararen ofizialtasuna aitor dadin eskatzen dugu. Europa eleanitzean, gainontzeko kultura eta hizkuntzekin hartu-emanean, euskarak bere lekua izan dezan eskatzen dugu. Herri gisa eta euskal hiztun gisa, europar kulturari eta elkarbizitzari, euskaratik, gure ekarpena egin nahi diogulako. Bidezkoa delako.
Duela gutxi, Espainiako Diputatuen Kongresuan mugarri garrantzitsu baten lekuko izan gara. Urte askotako eskari bati erantzunez, Estatuko hizkuntza koofizialak kongresuan erabiltzea onartu da, horien artean euskara. Adostasunak eraikiz, gure hizkuntzaren aitortza eta erabilera sustatzeko ekimen berriak abiaraztea posible dela erakusten digu horrek. Ikuspegi hori Europar Batasunera zabaltzeko unea da, euskararen presentzia eta aitortza zabaltzeko.
Munduko gainerako hizkuntza gutxituekin gertatzen den moduan, euskara zaindu eta sustatzea ez da bertako hiztunen betebeharra soilik; erantzukizun kolektiboa ere bada. Erabilera indartzea ez ezik, kultura aberastea, ulermenari eta komunitate ezberdinen arteko elkarrizketari ateak irekitzea ere bada helburua. Europako herrien arteko harremanak aberasteko aukera bat.
Euskararen biziraupena bermatzeko, funtsezkoa da hizkuntzaren hedapena eta erabilera bultzatzea maila guztietan. Teknologia aprobetxatu behar dugu euskara belaunaldi gazteenentzat eskuragarri eta erakargarri izan dadin, horiek izango baitira hizkuntza-aberastasun horren etorkizunaren zaindari. Zentzu horretan, duela egun gutxi batzuk Pr1meran euskarazko eta euskal edukien streaming plataformaren aurkezpena ere izan genuen. Zalantzarik gabe, euskarazko ikus-entzunezkoen erabilera eta kontsumoa sustatzeko aurrerapausoa, eta gure hizkuntzaren hedapenean urrats berri bat. Teknologia berriei esker, munduko edozein pertsonak izan dezakelako gure kultura eta hizkuntza ikusteko eta ezagutzeko aukera.
Laburbilduz, Europak bere egin, sustatu eta ospatzea merezi duen Kontinenteko hizkuntza zaharrenetako bat da euskara. Baina, batez ere, etorkizun bizia duen hizkuntza bat. Euskararen aldeko urrats berriak egin eta elkarrekin lan egiteko garaia da, gure hizkuntza Europaren bihotzean loratzen eta hazten jarrai dezan bermatzeko.