Hondarribiko Campus Teknologikoak Gipuzkoa indartuko du nazioarteko berrikuntzan erreferente gisa.
Hondarribiko etorkizuneko Campus Teknologikoari bultzada eman dio EAJ-PNVk, Gipuzkoa berrikuntzan nazioarteko erreferente gisa sendotu dadin.
Gaur egun, Campus hau Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen parte da, eta Hondarribiko Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren hasierako onespenari oniritzia eman zionetik, bere hirigintza-garapena errealitate bihurtu da.
Europak berrikuntza-polotzat jotzen du Euskadi, lurraldeak dituen gaitasunei esker, eta EAJk sendotu eta indartu nahi du, jarduera ekonomiko berria eta enplegu berria sortuko duten azpiegitura berriekin.
Eider Mendoza Diputatu Nagusirako hautagaiak eta Gonzalo Carrion Hondarribiko alkategaiak elkarrekin adierazi dute Campusaren bultzada eta garapena bizkortzeko konpromisoa, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak bat egin duen lankidetza instituzional batean.
Eider Mendoza: “Hondarribiko Campus Teknologikoa hedatzea lehentasuna izango da”
Datozen lau urteetako lehentasun ekonomikoen artean kokatu du Bidasoaldera Gipuzkoako Parke Teknologikoa hedatzea diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagaiak, Eider Mendozak. Izan ere, azpimarratu duenez, proiektu honek “potentzial izugarria” dauka hainbat ikuspegitik: eskualdeko industriaren “lehiakortasunari eta berrikuntza gaitasunari bultzada berri bat” emango dio, “lanpostu berrien sorrera” ekarriko du eta, orohar, Hondarribiko eta Bidasoaldeko ekonomia aktibitatea eta herritarren ekonomia indartzea ekarriko du.
Gonzalo Carrion: HAPOren hasierako onespenak etorkizuneko proiektuz beteriko leiho bat ireki du
Gonzalo Carrionek, Txalok, bere hiri proiektuan hiriari bultzada berri bat ematea proposatzen du eta Hondarribia bizitzeko eta gozatzeko herria izateaz gainera, lan egiteko aukera berriko hiria izatea nahi du. “Hondarribiko ekonomia lehen sektorean eta zerbitzuetan oinarritzen da, eta argi daukagu Campus Teknologikoak dibertsifikaziorako aukerak irekitzen dituela. Hondarribiak gero eta pertsona kualifikatuagoak ditu, gehienak kanpoan lan egiten dutenak, eta campus honek motibatu eta ilusionatu egiten gaitu abangoardiako ekonomiari lotutako tokiko enpleguaz ari garelako” adierazi du.
“Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren hasierako onarpena oso urrats garrantzitsua izan da, eta etorkizuneko proiektuz betetako leihoa ireki digu. Plan horri esker, etxebizitza publikoak eraiki ahal izango dira. Plan horri esker, mugikortasuna antolatu eta lurpeko aparkaleku bat eraikiko da Javier Ugarten. Plan horri esker, instalazio berriak jarri ahal izango ditugu, adinekoentzako eta gazteentzako zerbitzuekin. Etxebizitza turistikoa antolatzen duen plan bat da” jarraitu du.
Hondarribian EAJk bakarrik egin du ekimen honen aldeko apustua. Aurrean ditugu Bildu eta Abotsanitz, elkarrekin EZezkoaren pankartari eusten. Pankarta pisutsua dirudi, horri eusteko PSEren laguntza behar izan dutelako, eta EZezkoaren kuadrillarekin bat egin dutelako, besteak beste, Campus Teknologiko hau geldiarazi nahian.
Bukatzeko Txalos esan du “Hondarribitik nire lankidetza eskaintzen diet gainerako erakundeei. Leialtasun instituzional handiena eskaintzen dut sarean lan egiteko, beti positiboan, eta ingurune teknologiko hau Hondarribiko gazteak profesionalki garatzeko eta ilusioz beteriko proiektuei ekiteko gune bihurtzeko”.
Arantxa Tapia: Hurrengo urratsa Zubietako Plan Partzialari ekitea izango da, Hondarribiko Campus Teknologikoa lehenbailehen errealitate izan dadin
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak aitortu du Parke Teknologikoen euskal Sarea osasuntsu agertzen dela. Izan ere, hiru lurraldeetan zabalkuntzak egin behar izan dira tokiko eta nazioarteko enpresa berriak hartzeko. Euskadi gogor defendatzen ari da ardatz atlantikoaren kokapena, bai trenbide-arloan, bai azpiegitura energetikoetan. Hori dela eta, Iparralderako sarbide zuzena duen kokapen hau oso gune erakargarria izango da enpresa teknologikoentzat, ekonomia eta enplegu zuzena sortuko baitute, eta zeharka eragingo baitiete Euskadiko udalerriari, lurraldeari eta ekosistema osoari.