Industria, parte hartzea eta berrikuntza ardatz dituen ekonomia sustatzen jarraitzeko konpromisoa berritu du Eider Mendozak.

Eider Mendoza Larrañaga, Gipuzkoako diputatu nagusia izateko EAJ-PNVren hautagaiak, industria, eredu parte hartzaileak eta berrikuntza ardatz dituen jarduera ekonomikoa sustatzen jarraitzeko konpromisoa berritu du. “Elkarlanetik abiatuta, Gipuzkoarentzat ekonomia aurreratu eta lehiakorra eraikitzen jarraitu nahi dugu”, esan du hautagai jeltzaleak. Horretarako, “hain gureak diren” industria, kooperatibak eta gainerako eredu parte hartzaileak indartzea, berrikuntzan apustu irmoa egitea eta etorkizuneko arlo berrietan espezializatzean jarri du azpimarra. “Hauxe da Gipuzkoaren eredu ekonomikoa, hauxe da gure indargunea. Hauxe da EAJ-PNVren eredua”, aldeztu du.

Mendoza Oñatin izan da gaur arratsaldean, alderdi jeltzaleak Debagoienako alkategaiak aurkezteko egin duen ekitaldian parte hartzen. Berekin izan dira Amaia Erostarbe Letamendi, Oñatiko alkategaia; Mikel Lete Txintxurreta, Bergarako alkategaia; Maria Ubarretxena Cid, Arrasateko alkategaia; Mikel Uribetxebarria Barrena, Aretxabaletako alkategaia; Josu Aranguren Ezpeleta, Antzuolako alkategaia; Jose Ramon Zubizarreta Alegria, Eskoriatzako alkategaia; eta Iker Laka Barandika, Elgetako alkategaia. Ekitaldia EAJ-PNVren Gipuzko Buru Batzarreko presidente den Joseba Egibarrek itxi du.

Mendozak, bere hitzaldian, Debagoienan Gipuzkoako ehun ekonomikoaren ikurretako bi aurkitzen direla nabarmendu du: industria eta eredu parte hartzaileak. “Industria gure BPGaren %25 da gaur gaurkoz, Europako herrialde aurreratuen pare, eta industriari konektatutako zerbitzuak gehituz gero %40 inguru ere izan daiteke”, azaldu du. Kooperatiben kasuan, Euskadiko mota honetako enpresetako enpleguaren erdia baino gehiago Gipuzkoan dagoela gogoratu du, eta Debagoienan eredu honek duen garrantzia azpimarratu du. “Bi ezaugarri hauek funtsezkoak dira ekonomia sendo eta lehiakorra eraikitzeko. Eta horretan abilak gara: ekonomia sozial industrialean, Gipuzkoa liderra da, mundu mailako eredua gara”, adierazi du.

Hautagai jeltzaleak gaineratu duenez, ekonomia indartsu bat ezinbestekoa da gizarte desberdintasunei aurre egiteko, “banatzeko, lehenik eta behin sortu egin behar delako”. Mendozak kooperatibismoa justizia sozialean eta elkartasunean oinarritutako garapen ekonomikoaren eredu bezala jarri du, eta honen alde lanean jarraitzeko konpromisoa indartu du. “Langileen partaidetza sustatzeak, egun gure enpresek dituzten erronketako askori erantzuten dio: enpresa proiektua indartzen ditu; erabaki guneei eusten dio, enpresak lurraldean sustraituz; enpresen barneko kohesioa indartzen du; eta talentuari eusten laguntzen du”, adierazi du. Mendozak gaineratu du ziur dagoela Gipuzkoak arlo honetan “ondo” egiten jarraituko duela, “balio kooperatiboak, elkarlanean aritzea, lankidetza… gure DNAren parte baitira”.

Joseba Egibar

Joseba Egibarrek, bere aldetik, herrigintza aldarrikatuz hasi du bere hitzaldia, eta balore komunitarioen defentsa egin du. “Abertzaletasunak etorkizuna izango badu, balore komunitarioak landu behar ditu. Gizarte bereko seme-alabak garelako, non bakoitzak duenaren arabera eman behar duen, eta behar duenaren arabera jaso”, esan du. Bere iritziz, “marxista batek” ulertze ez duen eskema da aipatutako, eta ondorioz hor dago gakoa. “Guk ez dugu edozein gizarte eraiki nahi, eraiki nahi duguna justua da, inor bide bazterrean uzten ez duena”, aldeztu du.

Ezker abertzaleari begiratuta, esan du 50 urteren ostean “tunel batetik irten direla”, eta galdetzen hasi direla ea nork eraiki duen gizarte hau. “Ez daukate alternatibarik. Nola eraiki den hau? Ba EAJ-PNVkerabaki estrategikoetan ez bakarrik proposatu, baizik eta gehienetan asmatu egin duelako. Lehenik eta behin, bide politiko eta demokratikoak soilik erabiltzearen aldeko apustua egin genuenean”, azpimarratu du. Ildo honetatik, ezker abertzaleak iraganaren irakurketa “pendiente” duela adierazi du, eta gaineratu giza eskubideak ezinbestekoak direla bai iraganera begiratzeko zein etorkizuna eraikitzeko.

Arlo ekonomikoan, EAJ-PNVk industriaren alde hamarkadaz hamarkada egin duen lana jarri du balioan, eta ezker abertzaleari egotzi dio “orain ari dela deskubritzen herri honetan industria eta enpresak daudela”. “Esaten dute aberastasuna banatu egin behar dela. Baina nola sortzen da aberastasuna? Herri aberastasuna, nazio aberastasuna? Benetako apustuak eginda, industriaren aldeko apustuak eginda. Eta hori nork egin du? Guk bakarrik ez, baina lidergoan alderdi nagusia EAJ-PNV izan da”, aldarrikatu du. Maiatzeko hauteskundeei begira, harrokeriaren aurrean apaltasuna defendatu du, “hori izan delako gure giltza politikan”, eta erabakiak hartzearen garrantzia azpimarratu du. “Erabakiak hartu egin behar dira arazoei aurre egiteko, eta gero pazientzia izan, erabakiari eusteko. Maiatzean beste pausu bat emango dugu bide horretan”, osatu du.

Alkategaiak

EAJ-PNV eskualdez eskualde egiten ari den ekitaldi hauen funtsa Gipuzkoako bailara eta herri bakoitzak bizi duen errealitatea hobeto ezagutzea dela gogoratu du Mendozak. Horretarako, ekitaldian zehar hitza hartu dute bailarako hautagaietako batzuk. Amaia Erostarbe Oñatiko alkategaia izan da hitza hartzen lehena, eta “Oñati eta oñatiarren alde lan egiteko, gertutasunez eta elkarlanean gure herriaren zein herritarren etorkizuna eraikitzeko” gogotsu agertu da. Nabarmendu duenez, Oñatik “behar eta merezi” duen aldaketa gidatzeko aukera bakarra EAJ-PNVk herriarentzako aurkeztu duen proiektua da.

Bergarako alkategai den Mikel Letek, bere aldetik, erakunde arteko elkarlanean jarri du arreta, bai eskualde mailako udalen artean zein gainerako administrazioekin. Adierazi duenez, bere hautagaitzaren zutabeetako bat izango da beste erakundeekin harremanak hobetu eta Bergararen mesedetan ekimen ezberdinak erakarri eta martxan jartzea. “Bergarak hobetzeko tarte handia du, potentzial handiko herria da gurea, eta lanarekin eta beste erakundeekin lankidetzan arituz proiektu oso garrantzitsuak sustatu ditzakegu, eta denon artean gure herriak aurrera egitea lortu”, azaldu du.

Hirugarrenik, Arrasateko alkate eta alkategai den Maria Ubarretxenak ere hartu du hitza eta, beste hainbat konturen artean, herritarren partaidetza izan du hizpide. Gogoratu duenez, EAJ-PNVk zortzi urte daramatza Arrasateko biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko konpromiso serio eta irmoarekin, beharrezko zerbitzuak eta azpiegiturak sustatuz eta errealitate bihurtuz. “Udaletxeko ateak ere ireki ditugu eta herritar guztiei entzuteko prest gaude, inor baztertu gabe”, nabarmendu du hautagaiak, eta aurrera begira ere bidetik beretik aritzeko konpromisoa berritu du. Zentzu honetan, hauteskunde programa osatzeko martxan jarri den partaidetza prozesua nabarmendu du.