Ipuskoa: Izanetik izena · 1025-2025

Pirinioen bi aldetara kantatzen eta dantza egiten duen herria da gurea. Gipuzkoarrok dantzaren bidez ospatzen dugu gure izana eta izena. Dantzak gogorarazten digu elkarri loturik gaudela; elkarrekin osatzen dugula komunitatea; gutako baten arazoak guztionak direla; elkarrekin lan egin eta bizi nahi dugula. Eta elkarrekin ospatu nahi dugula.

Erakunde-ekitaldi eta dantza soka honen bitartez, gogoratu nahi dugu efemeride garrantzitsu bat: ezagutzen dela, Gipuzkoa hitzaren idatzizko testigantza zaharrena. Duela mila urte, 1025. urtean, dagoeneko baginen komunitatea. Baina, batez ere, ospatu eta aldarrikatu nahi dugu soka, Gipuzkoa eta elkarren artean lotzen gaituen soka bera.

Deba, Urola, Oria, Urumea, Oiartzun eta Bidasoa. Hondarribiatik Leintz-Gatzagara, Mutrikutik Ataunera, Gipuzkoa osoko herritar eta herri ordezkari, hiri, auzo eta herri. Komunitate osoa aldenik alde elkar lotu eta josten duen soka da gurea.

Azalerari erreparatuta, lurralde txikia osatzen dugu. Eta, hala ere, munduan arrastoa utzi duten hainbat gertaera eta bidegile handiren sehaska gara. Izan dugu eta badugu munduari zer kontatua, munduarekin zer partekatua.

Bizi izan ditugu une latzak ere; horietako batzuk ez dira zaharrak.

Horiek guztiak gogoan, baina, gaurkoan harrotasunez aldarrikatu nahiko nuke gipuzkoarron izana; ozen aldarrikatu mende luzez guztion artean garatzen eta lantzen joan garen balio sendoak. Gipuzkoa bera josten dutenak.

Zentzu komuntario indartsua, mendeetan errotzen joan dena eta, zailtasun garaietan, aurrera egiten lagundu diguna, gainontzeko euskal lurraldeekin harremanetan eta elkar-ekintzan.
Indar komunitario horrek bultzaturik, Gipuzkoan azken hamarkadetan ekonomian, hezkuntzan, euskalgintzan, osasungintzan, gizarte babesean, kiroletan edota herrigintzan, besteak beste, abian jarri ditugu makina bat ekimen eraldatzaile.

Milaka herritar konprometitzen dira komunitatearekin, izaera anitzetako elkarte, taldeen bitartez. Ekimen horien guztien oinarrian balioak daude. Gipuzkoar komunitate bizi eta sendoaren balioak.

Egungo mundu ziurgabe eta aldakorrean hedatzen ari dira indibidualismoa, autoritarismoa eta bortizkeria.

Gipuzkoa eta Euskal Herria ez dira irla bat.

Horregatik, etorkizunera begira, soka dantzara batzen garen gipuzkoarrok komunitate balioei eman nahi diegu indarra. Horrek lagunduko digulako, orain arte bezala, elkarri eusten.
Dantzak, musikak, kantak… antzinako balduliarrekin edo ipuscuarrekin lotzen gaituzte, bai, baina gaur plazan elkartzen gaituzte. Guztiok, komunitate bereko kide, elkarri eskutik heltzera gonbidatzen gaituzte. Soka bera partekatuz, atzoko Ipuscua gogoratuz, gaurko eta biharko Gipuzkoa eta gure herria eraikitzen jarraitzeko lanean bat eginez.

Gipuzkoako herritar eta herri ordezkarien aurrean, armarriko hiru haginak nola, hiru balio errotzen jarraitzeko premian jarri nahi dut arreta, guztion artean gipuzkoarron eta euskal herritarron komunitate izaera indartzen asma dezagun.

Lehen balioa da euskara. Joxe Azurmendik zion “Euskararen hautua zela herri desegin bat berregiteko hautua”. Euskara da, gipuzkoar eta euskaldun bezala, komunitatea kohesionatu eta gure izanaren bihotz-bihotzean dagoen ezaugarria. Eta euskarak konpromisoa behar du, azken urteotan hizkuntza eta euskal hiztunok kokatu garen bidegurutzean, atzerakadaren arriskua uxatzeko. Konpromiso irmoa.

Bigarren balioa da elkartasuna. Berdintasun eta justizia sen nabarmena dugu gipuzkoarrok. Horrek laguntzen digu berritzaileak izaten, ekiten, gizartea eta ekonomia antolatzeko bide justuagoak topatzen, emakumeok gizartean merezi dugun lekua aldarrikatzen. Elkartasuna, munduan sufritzen ari diren nazioekin, bereziki azken hilabeteotan Gazarekin, baina baita ere Ukrainarekin eta munduan zehar injustizia, zapalkuntza eta itxikeria jasaten duten herri guztiekin. Elkartasuna, gure artean zailtasun gehien dituztenekin, inor atzean utzi gabe.

Hirugarren balioa da autogobernatzeko borondate irmoa. Gure herriak asmatu badu aurrera egiten, izan da izaera propioa duelako, jakin duelako bere burua antolatzen, autogobernatzen eta lege propioak eta erakundeak garatzen eta defendatzen. Baita garai zailenetan ere.

Gaurkoan, aldarrikatu nahi ditugu herri honen nortasuna irudikatzen duten sinboloak, adierazten dutelako nondik gatozen, zer garen eta zergatik. Gure nortasuna irudikatzen dutelako.

Gaurko soka-dantzan bat egiten dugu gipuzkoar herri erakunde ordezkaritza zabal batek.

Eta ez hori bakarrik: soka honek gainontzeko euskal lurrekin batzen gaitu. Bat egin dezagun guztiok komunitatea oinarri hartuta, gure erakunde propioak garatzen eta defendatzen, herria eraikitzen.

Aurrera begira, komunitate balio horiek dira, ziurgabetasunez betetako mundu batean, sustraiak lurrean sendo ditugula, norabidea argi, aurrera egiteko modua.

Asko dugu jokoan. Komunitatearen kohesioa eta balio partekatuak ahultzen direnean, demokrazia bera ahultzen delako.

Herri bat, lurralde bat, ezin liteke gizabanakoen batura soila izan. Behar ditu balio partekatuak, behar du komunitate sentipen sustraitu bat. Herri nortasun propio bat. Horrek ekarri gaitu mendez mende orainera, eta horri eutsi behar diogu euskal herritar eta gipuzkoar gisa etorkizuna izan dezagun.

Horregatik guztiagatik, iragana kontuan izanda baina, batez ere, aurrera begira jarrita, ezinbestekoa dugu balio horietan eragitea.

Gipuzkoarron “gu” horrek jarraipena izatea nahi dugu. Gipuzkoa izan dadin, gerora ere, herri baten parte den komunitate arduratsua, berdinzalea, euskaraz bizi dena, orekatua eta bidezkoa, pertsona guztien ongizate osoa zaintzen duena.

Elkarri eskutik heldu eta egin dezagun aurrera, Juan Antonio Urbeltzek dioen bezala, “guztiok garelako soka berekoak”.

Eta, zergatik ez, mila urte igarotzean, norbaitek esan dezan, hemen zutik jarraitzen duela komunitate batek, Aralarretik eta kostalderainoko lurretan, Bidasoatik eta Deba ibaien artean, dantzan eta kantuan. Eta Pirinioen bi aldeetan badela herri bat, kantuan eta dantzan ospatzen duena bere izena eta izana.