Kudeaketa ona egin eta Gipuzkoari norabide argia emateko konpromisoa hartu du Eider Mendozak, “katastrofista, arduragabe eta ferianteetatik” urrun.
Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagaia den Eider Mendozak esan du gaur lurraldeak norabide argia eta kudeaketa ona behar dituela aurrera egiten jarraitzeko. “Erakunde jasangarriak behar ditugu, etorkizuneko ikuspegia dutenak, eta Aldundi sendoa, benetako arazoei aurre egin eta hauen aurrean ezkutatzen ez dena”, adierazi du. Bere esanetan, hori guztia bermatzen duen aukera bakarra EAJ-PNVrena da. Aldiz, kritikatu du Gipuzkoak ez duela “populismo merke” gehiagorik behar, eta ezta ere “katastrofista, arduragabe eta feriante” gehiago ere.
Hautagai jeltzaleak gaur arratsaldean Irunen egin den mitin batean hartu du parte, eta bertan egin ditu adierazpen hauek. Berarekin izan dira Andoni Ortuzar, EAJ-PNVren EBBko presidentea; Aitor Esteban, EAJ-PNVren bozeramailea Espainiako Diputatuen Kongresuan; eta Xabier Iridoy, EAJ-PNVren Irungo alkategaia. Mendozak, bere hitzaldian, esan du gaur egun Gipuzkoak hainbat arazo dituela, baina azken 8 urtetan egoerak hobera egin duela, hainbat adierazlek azaltzen duten bezala: langabezia erdira jaitsi da, enplegu industriala 10.000 pertsonatan hazi da, 1.122 plaza gehiago daude babes sozialeko sisteman…”. Diputatu nagusi izateko hautagaiak nabarmendu du hau guztia “lankidetzan” egin dela, baina badirela kultura politiko eta ibilbide desberdinak dituzten aukerak ere, “politiko modu populistan praktikatzen dutenak”.
Hasteko, katastrofistei egin die erreferentzia, “dena gaizki dagoela esaten dutenak, baina konponbideak planteatzerako garaian, pankartak jartzetik pasatzen ez direnak”. Gaineratu duenez, “negatibotasuna antolatzen ez dute parekorik”, baina hortik aurrera “ezin zaie gehiago eskatu”. “Arazoak konpontzera, etorriko da beste norbait, eta horretan ibili gara gu, EAJ-PNV, azken zortzi urte hauetan Gipuzkoan: besteek konpondu ezin zituzten arazoak konpontzen, izan errepideak, edo izan zaborren kudeaketa”, gogoratu du. “Pankartarik atera, eta kudeaketan hasten direnean, bi pauso eman eta lehenengo oztopoan katigatzen dira”, kritikatu du.
Bigarrenik, arduragabeak izan ditu hizpide, “kudeaketan egonda ere, errua eta ardura beti besteei egozten dietenak”. Adibide bezala Irungo kasua jarri du, non hogei urte alkatetzan daramatzan Santanok eta oraindik ere hiriko arazo guztiak Jaurlaritzaren edo Diputazioaren leporatzen dizkiona. “Eta hauteskundeak gerturatzean, eta urduritzean, are intentsitate handiagoarekin gainera. Bakoitzak bere ardurak ditu, eta ez du balio gauzak gaizki doazenean besteei leporatzea, arduragabekeria eta axolagabekeria da hori”, azaldu du. Aldiz, gogoratu du EAJ-PNVk kontrako jarrera hartu ohi duela, autogobernu gehiago eskatzen ari baitira, “guk kudeatzeko, bai gauzak ondo doazenean eta bai okerrago doazenean”. “Ezkutatu gabe, aurpegia emanez eta dagokigun ardurari eutsiz, izan etxebizitza, hezkuntza, osasuna, segurtasuna edo dena delako gaietan”, azpimarratu du.
Hirugarrenik, “Madrilgo ferianteei” buruz hitz egin du Mendozak, “egunero neurri berriak iragartzen ari direnak”. “Txikitan herriko festetan jartzen zituzten tonbolakoak dirudite, “premios para todos” aginduz, eta bitartean neurriz kanpoko zorraren elefantea logela erdian, edo pentsioen etorkizunarena, edota biharko proiektu industrialen gabeziarena, edo gizartearen zahartzearena”. Hautagai jeltzaleak kritikatu duenez, baliabide publikoekin elektoralismoa egitea da hori, “etorkizuna hipotekatzea, boto batzuen truke”. “Eta arazo estrukturalen aurrean, berriz, ostrukarena egiten ari dira”, gehitu du. Mendozak azaldu du Euskaditik ezingo direla Estatuak dituen arazoak konpondu, “baina ez gaitzatela ezta ere zurrunbilo horretara eman”. “Hemen kudeaketa serioa eta jasangarria behar dugu, etorkizuneko ikuspegia duena, gure seme-alabei utziko diegun munduaz kezkatzen dena. Kezkatu eta arduratu, arazoei heldu eta konpondu, EAJ-PNVk beti egin izan duen bezala”, osatu du.
Andoni Ortuzar
Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek gaurko ekitaldiari amaiera emateko hitzak esan ditu, eta bere hitzekin gogora ekarri du M28an Gipuzkoan jokoan izango dela hurrengo lau urteotarako nahi den herrigintza eredua: “bata da agintekeriarena, atez atekoarena, inposaketarena, Bildurena; eta bestea da herritarrei entzutearena, herrigintza kolaboratiboarena eta erakundeen arteko lankidetzarena,EAJren eredua”, ziurtatu du. Buru abertzaleak mezu bana bidali nahi izan die EH Bilduri eta PSEri: “Gu erakundeetan gaude jendeak botoa eman digulako, ez dugu maniobra arrarorik behar izan, politikan denak ez duelako balio. Baina ematen du Bilduri edozerk balio diola EAJren kontra duten obsesio horretan. Balio die, atzo bertan Arnaldok iragarri bezala, Espainiako epaile bati babesa emateak ere. Hori ere lotsarik gabe egin zuten. Otegi norekin eta Espainiako epaile batekin Kanpaina egiten! Ezker Abertzalearen buru historiko batek burua altxatuko balu! Imajinatzen duzue guk hori egingo bagenu? Imajinatzen duzue Bildukoek zer esango lukete EAJk Espainiako epaile bat hauteskundeetarako erreklamo gisa aterako balu?”, salatu du Ortuzarrek.
Udal gaiei helduz burukide jeltzaleak ziurtatu duenez “EAJ prest dago ekinean jarraitzeko Irun aurrera ateratzeko, horixe baita azken lau urteotan oposiziotik egin duguna. Oposizio eraikitzaile eta proposatzailea. Eta, oposizioan gaude Alderdi Sozialistaren hautagaiak, Santanok, eginahalak egin zituelako hala izan zedin. Argazkitik kanpo nahi gintuen,jakin dakielako Irunen dagoen alternatiba bakarra EAJ dela. Eta, gurekin akordioa bilatu beharrean eta bat egiteko saiakera egin beharrean, legealdi osoa eman du Bildu eta Podemosen atzetik, horiekin gobernatzen baitu. Bada, jakitun egon zaitezten, sozialistek, hemen, Irunen, Bildurekiko akordioa adosten saiatuko dira berriz. Zalantza da Lurraldean eta Euskadin zer egingo duten.Seinale argiak bidaltzen dituzte beren adierazpenetan. Guk akordio egonkorrak nahi ditugu, segurtasuna eta konfiantza ematen dutenak. Akordio arduratsuak, gauzek funtziona dezaten. Beraiek jakingo dute non kokatzen diren. Politikan arnastu eta putz egin, dena batera ezin”.
Aitor Esteban
Aitor Estebanek, bere aldetik, gogorarazi du hauek ez direla Sanchez edo Feijoo aukeratzeko hauteskundeak, eta alderdi batzuk egiten ari diren kanpaina kritikatu du, “ez baitu zerikusirik orain erabakitzen ari garenarekin: gure alkateak eta Batzar Nagusiak osatu eta hurrengo diputatu nagusia nor izango den”. Zentzu horretan, Estebanek Irene Montero gezurtatu du, “EH Bildurekin partekatutako gurutzadan murgilduta baitago, jendea konbentzitzeko Euskadin arlo publikoa desegiten ari dela”. Hala, eta Berdintasuneko ministroak esandakoaren kontrara, Estebanek adierazi du Euskadi osasun pribatizazio gutxien dituzten Autonomia Erkidegoen artean dagoela, zehazki 17tik 14garrena, eta zentro pribatuak kontratatzeko osasun gastua % 6koa baino ez dela, Osasun Publikoaren Defentsarako Elkarteen Federazioaren datuen arabera.
Estebanek gogorarazi nahi izan du, halaber, udal taldearekin elkarlanean, Euskal Taldeak “Irun eta Bidasoa oso presente izan dituela ekintzekin”, eta Kongresuan proposatu eta eztabaidatu diren ekimenetako batzuk aipatu ditu. Azkenik, Estebanek ziurtatu du datorren maiatzaren 28an gipuzkoarrek “Euskadi ulertzeko bi moduren artean” aukeratu beharko dutela. “EAJ modua, desberdinarekiko errespetuan oinarritua, zubiak eraikitzeko modua, suntsitu beharrean, ikaratu beharrean aberastasuna sortzeko modua, herritarrei entzun eta proposamen eraikitzaileak egiteko modua, euskal gizartea elkartuta aurrera eramateko modua. Edo EH Bildurena, bizikidetza haustea oinarri izan duena. Mundu bat nirekin edo nire aurka”. Horregatik guztiagatik, “gizarte eredua jokoan dugulako”, EAJ-PNVren aldeko botoa eskatu du.
Xabier Iridoy
Irungo alkategaiari dagokionez, Xabier Iridoyk azpimarratu du harro dagoela Irunez eta bertako hiritarrez. “Harro nago gure hiriaz, baina atzean geratzen ari dela ikusten ari naiz. Ikusten dut, gainera, nola hurbiltzen zaizkidan herritarrak eta esaten didaten ez dutela Irun errekonozitzen, ez zaiela gustatzen bihurtzen ari den horretan. Horregatik, Irunek merezi duen bezala aurrera egin dezan, argi daukat norabidea aldatu behar duela”.
Ildo honetatik, galdera bat egin die bertaratutako guztiei: “Eta zertan aldatu behar dugu norabidea? EAJ-PNVk hilabeteak eman ditu etengabe herritarrekin eta eragile sozial eta kulturalekin harremanetan, eta argi daukagu: segurtasunean, gai horri erantzun sendoa eman behar diogu; loturetan, gure hiriaren erdigunean dagoen zatiketari erantzun behar diogu, trenbideak estali behar ditugu eta Kolon pasealekuko zubiaren paraleloan bide-lotura berria sortu behar dugu; lehen mailako laguntzan, Irunek anbulatorio handi bat behar du erdigunean eta beste txikiago bat Oinaurren; aparkalekuen arloan, aparkatzeak odisea izateari utzi behar dio eta, horretarako, aparkatzeko politika berriak eta kostu baxuko lurpeko aparkaleku berriak planteatzen ditugu”.
Amaitzeko, adierazi du “EAJ-PNVk, bizi dugun paralisiaren aurrean, ilusioz beteriko proiektu asko dituela, Santano sozialistaren proiektu agortuaren ordezko hiri proiektu bat osatzen dutenak”. Eta azpimarratu duenez, “orain pertsonen txanda da, irundarren txanda, zuen unea da”. “Erabaki behar dugu gauden bezala geratu nahi dugun, Santanoren PSE-EEk eskaintzen duen eredua bezalako eredu agortuarekin, hiria geldituta, trabatuta eta eztabaida amaiezin eta geldiarazleetan nahastuta duena; edo etorkizuna elkarrekin kudeatu eta diseinatu nahi dugun. Ideia berriekin eta hirian aurrerapenak sortzeko ilusioarekin, lidergo sendoarekin eta beste erakunde batzuekiko lankidetzan eta elkarlanean oinarrituta. Hauxe da EAJ-PNVk eskaintzen duena”, aldeztu du.