“Landa ingurune bizi eta herri txiki dinamikoak behar ditugu, etorkizunean ere Gipuzkoaren lurralde oreka berdea bermatzeko”.
Eider Mendozak, EAJ-PNVren Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagaiak, “neurri berritzaileak” proposatu ditu gaur goizean Beizaman, lehen sektorearen belaunaldi berritzea, herri txikietako ekonomia eta ongizatea, eta basoen kudeaketa jasangarrian aurrera egiteko. Natur balioak zaindu eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko garaian baserritarrek jokatzen duten “funtsezko” zeregina nabarmendu du eta, horregatik, “landa ingurune bizi eta herri txiki dinamikoak” izatearen balioa aldarrikatu du, gure lurraldearen “lurralde oreka berdea bermatu ahal izateko”.
Beizamako Urki baserrian egon ondoren, lehen sektoreari, basogintzari eta lurralde orekari begira landu dituen proposamenak aurkeztu ditu Mendozak. Izan ere, diputatu nagusi izateko hautagaiak azpimarratu duenez, datozen urteetan jomuga izango duen “etorkizuneko Gipuzkoa, hiriguneen eta landa inguruneen arteko ezberdintasunei aurre egiten dien lurraldea da”. Gaineratu duenez, beste herrialde batzuetan ez bezala, azken hamarkadetan euskal erakundeek egindako “etengabeko ahaleginari eta herritarren konpromisoari esker”, Gipuzkoaren “balio nagusietako bat da lurralde oreka”. “Baina arazoak eta desafioak ere baditugu, horiei aurre egin nahi diegu landa inguruneko herritarrekin eta lehen sektoreko elkarte, baserritar eta eragile guztiekin elkarlanean, azken zortzi urte hauetan egindako bideari bultzada berri bat emanez”, gaineratu du.
Apustu horretan neurri “berritzaileak eta partekatuak” hartzen jarraitzearen beharraz mintzatu da Eider Mendoza eta, norabide horretan, Foru Aldundiak herri txikietan Internet konexioa zabaltzeko egindako “ekarpen nabarmena” aipatu du, adibide gisa. Izan ere, gogoratu duenez, 2.500 biztanle baino gutxiagoko udalerrietako etxebizitza eta baserrien %90 baino gehiagotan jada banda ultra azkarra daukate eskura, “Donostiako Avenidan izan dezaketen pareko abiaduran”, azken urteetan Landagipuzkoa+ programaren bidez ia 3.000 etxe eta baserritaraino banda ultra azkarra eraman ondoren.
“Lurralde oreka berdea bermatzeko bidean, ezinbestekoa dugu lehen sektorearen funtzioari eta herri txikien beharrizanei erreparatzea, kontuan izanda gure lurraldearen azaleraren zati handi bat, handiena, landa ingurunean kokatzen dela. Baserritarrek eta herri txikietako biztanleek gaur egun ere, beraz, Gipuzkoaren azalera berdea zaintzeko eta mantentzeko garaian izugarrizko ekarpena egiten dute eta egiteko hori indartu behar dugu”, adierazi du. Horretarako, ezinbestekotzat jo du herri txikietan belaunaldi berriek “bere bizitza proiektuak ongizate eta erosotasun osoz” eraiki ahal izatea, egungo gizarte bizitzak eta ekonomiak eskatzen dituen “zerbitzu eta azpiegiturak lurralde osoan berdintasunez hedatuz eta orekatuz”. Aldi berean, baserri ustiapenen “errentagarritasuna” indartzearen beharraz mintzatu da, baserritar eta abeltzainen lana “babestuz eta indartuz” soilik lortuko dugulako “tokiko elikagai osasungarri eta jasangarrien” produkzioa areagotzea.
Modu onean etxebizitza herri txikietan
Landa inguruneari “bultzada berri bat” emateko ahalegin horretan, honako proposamenak jarri ditu mahai gainean Mendozak. Baserria CO2 xurgatzaile plana abiaraztea, isurketen gaur egungo azterketa bat egin eta berauek gutxitzeko neurriak eta pizgarriak jarriz; elikadura jasangarria eta KM0 elikagaien ekoizpena indartzeko lurralde misioa garatzea; sektorean belaunaldi berritzea indartzeko, baserrien eskualdatze plana diseinatu eta dinamizatzea, eta ekintzailetasuna suspertzeko Gaztenek Berri egitasmoa; eta baserritar mixto profesionalek sektoreari egiten dioten ekarpena aztertu eta funtzio hori indartzeko neurriak hartzea.
Aldi berean, herri txikietan “ekonomia aktibitate berria” sortu dadin baldintzak sortu eta dagoeneko dauden aukerak sendotzeko neurriak proposatu ditu. Hala nola, banda zabal ultra azkarraren zabalkundea gauzatu ostean, lurraldeko landa ingurune osora zabaltzeko urrats berriak ematea; Gipuzkoako Ur Partzuergoarekin elkarlanean, Gipuzkoako landa inguruneko ur edangarri sarea aztertu, beharrak identifikatu eta arazketa plana gauzatzea; gerora begirako biziraupena kolokan izan dezateketen herrietan, biztanlegoaren gaztetzea sustatzeko modu onean eraikitako etxebizitza berrien sustapena; eta landa eremuko biztanleen mugikortasun beharretarako, ibilgailu adimentsu eta autonomo bidez garraio sistema publiko berritzaile bat esperimentatzea.
Fiskalitatearen ikuspegitik, berriz, Mendoza prest agertu da udalerri txikien finantziazioari buruzko elkarlanezko gogoeta prozesu bat zabaltzera, etorkizunera begira izan ditzaketen desafioei eta beharren inguruan hausnartu eta lurralde ikuspegitik erantzun bat eman ahal izateko.
Basoak eta naturguneak
Azkenik, babestutako natur inguruneen eta, oro har, ingurunearen eta biodibertsitatearen babesean “urrats berriak” emateko konpromisoa adierazi du diputatu nagusi izateko hautagaiak. “Mendiarekin eta naturarekin gozatzeko gogoari bidea emanez, baina aldi berean ingurumenaren kontserbazioan aurrera eginez, ondorengo belaunaldiek ere goza ahal izan dezaten. Gure lurraldearen azaleraren % 15 parke naturaletan dago. Parke horiek benetako paisaia kulturalak osatzen dituzte, eta benetako altxor kulturalak eta naturalak dituzte”, gaineratu du.
Eremu honetan, besteak beste, basoen kudeaketa jasangarrian ere aurrera egitea proposatu du, basoen jabegoa errespetatuz, “lurraldeko basoen papera indartzeko CO2 xurgatzaile eta lehengai jasangarrien sortzaile gisa” duten garrantziaren ikuspegitik. Horretarako, Gipuzkoako basoen zaintzan “jauzi kualitatiboa” egiteko Basotik Fundazioa garatzen jarraitzea izango du helburu, basoen kudeaketa profesional, homogeneo eta iraunkorra eskainiz, abandonuari aurre eginez, lurraldeko basoen CO2 hustubide ahalmena hobetuz eta basogintzaren sektorearen errentagarritasuna indartuz.