Lourdes Iriondo Mujika, Urrezko Domina

Gipuzkoako Urrezko Domina Lourdes Iriondori eskaintzerakoan, elkartu gara oroitzapenak eta doinuak gurutzatzen diren puntuan. Elkargune zabal baina intimo horretan, non batzen diren herri oso baten memoria eta gutako bakoitzaren bihotzera zuzen-zuzenean iristen diren doinuak, kantuak eta hitzak.

Tamalez, orain dela 20 urte utzi gintuen Lourdesek. Bi hamarkada luze dagoeneko, lurrean lurrago, joan zitzaigunetik.

Asko aldatu da mundua ordutik; eta aldatuko da are gehiago. Mudatu dira musikaz gozatzeko moduak; hedatu, liburu elektronikoak; biderkatu, edukiak partekatzeko bide digitalak. 2005eko abendu hartan ez genuen usaindu ere egiten adimen artifizialak musikan eta sormen lanean zer nolako eragina izan zezakeen, ez behintzat gaur egun jabetzen garen moduan.
Eta, hala ere, garaiak asko aldatu arren, Lourdes Iriondoren lanek eta ipuinek, haren abestiek, irudiak eta ahotsak, barru-barruan hunkitzen gaituzte.

Mila esker, Alaia Martini, Borobil Teatroko ikasle gazteei, Ainara Ortegari, Anjel Unzuri, Mikel Azpirozi eta Juanan Urrizari, Iriondoren izpiritua eta humanitatea, haren sorkuntzen indarra hona ekartzeagatik. Era berean, Mariasun Landari, hain argi laudatu duzulako Lourdes Iriondok landu zuen ahots eta bide propioa.
Eskerrak eman nahi nizkizueke, urte hauetan guztietan Lourdesen memoria, hark utzitako kultur ondarea, zaintzeko eta hedatzeko argitasuna izan duzuen guztioi. Bere familiari eta, noski, Joxe Mari Iriondori. Haren bizitzaren eta lanaren inguruko azterketa, obra eta lanak sustatu eta gauzatu dituzuen ikerlari, sortzaile eta kulturgile guztiei. 2025a bereziki emankorra izan da alor honetan eta eskertzekoa da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurraldeko aitortza nagusia Lourdes Iriondori eskainiz, ekarpena egin nahi du ahalegin partekatu horretan. Urrezko Domina postumo honekin, bueltan jaso dezan zor diogun guztia. Denon eskertza eta omenaldia.
Ziur asko, gutako bakoitzak Lourdes Iriondo bat izango du buruan eta bihotzean; zer esanik ez senide, lagun, lankide edota kantukide zenutenok. Ekitaldi honek sentipen horiek denak jaso nahiko lituzke. Eta, batez ere, errekonozitu nahiko luke kantagintzan, euskararen transmisioan eta komunitate bizitzan Lourdes Iriondok Gipuzkoari eta Euskal Herriari egindako ekarpen ausarta eta aitzindaria. Kantari, emakume, irakasle, idazle eta herritar konprometitu gisa, herriari emandako guztia.

Frankismoaren zapalkuntza eta askatasun faltaren basamortuan, kantari eta artista talde errepikaezin batek euskal kantagintza berritzeko indarra eta talentua eduki zuen, nazioartean boladan zeuden estiloekin bat eginez. Eta horrekin batera, gizartea bera eraldatu zuen, euskal kulturaren eta hizkuntzaren susperraldia eraginez. Herria eta hizkuntza ernarazi zituen.
Mugimendu haren erreferente nagusietakoa izan zen Lourdes Iriondo. Gazte gara gazte eta ez gaude konforme, ahots nabarmena eszenatokian, baina baita antolakuntza eta sustapen lanetan ere, dagoeneko ezaguna den moduan.

Joxe Mari Iriondok uhin bilakatu zuen haren ahotsa; irrati-uhinak bihurtu ziren olatu; eta, Ez dok amairuko kideen bagak bat eginik, olatu haiek, marea. Euskal Herri osoa, Aturritik Ebrora, busti zuen itxaropenezko marea. Uhinak olatu, olatuak marea.

Lourdes Iriondo joan zitzaigunetik gaur arte, Gipuzkoako Urrezko Domina jaso dute, besteak beste, 1960ko hamarkadako ikastoletako andereñoek, Jakin taldeak, Elkarrek, Nestor Basterretxeak, Ramon Saizarbitoriak, Benito Lertxundik eta Mikel Laboak. Kulturgile eta sortzaile belaunaldi oso baten ekarpena erabakiorra izan zen gure hizkuntzaren eta gure herriaren susperraldian.
Gaur hemen zaudete marea horren eragile izandako hainbat lagun. Zuen denen lanik eta konpromisorik gabe, ezin da ulertu gure kulturak eta hizkuntzak azken hamarkadetan izan duen biziberritzea.
Badugu zuengandik zer ikasirik. Euskara erdigunean jartzea, talde lanean eta berrikuntzan ausardiaz ekitea, sortzaileek herri bizitzan behar duten plazari, prestigioari eta ordainari erreparatzea, mundu zabaleko abangoardia kulturalekin zubiak eraikitzea.

Lourdes Iriondoren lanak eta bizitzak ezin hobeto hezurmamitzen ditu balio horiek guztiak.
Haren ahotsak eta irudiak –plazaren erdian emakumea kantari, gitarra lagun–, euskara hutsean egindako kantaldiek eta diskoek, arrasto sakona utzi zuen hainbat belaunaldiren iruditerian. Bakarka, Xabier Leterekin edota beste hainbat artista handirekin batera, euskal herritarren memorian txertatuta geratu diren abestiak sortu zituen, kontzientziak piztuz eta miresmena eraginez.
Orduko gizartean hain erroturik zeuden oztopo eta estereotipoez gaindi, bere burua eta gorputza fokuen argipean kokatzeko ausardia eta indarra eduki zuen. Berdintasunaren ikuspegitik ere, ekarpen handia egin zuen.

Gerra aurreko hainbat emakume kulturgileren katebegi solteari jarraipena emanez, aberastu zuen euskal kulturaren kolore paleta, irudiz, doinuz, hitzez eta ekitez. Gizonen gau beltzean, bake, itxaropen ta maitasun berria aldarrikatu zituen, espiritualtasunaren sakonetan murgildu zen, garaiko injustiziak salatu zituen. Gure etxe bakarra berreraikitzeko gogor lan egin zuen, plazaz plaza, hainbeste ibilita, eskuak hain zikin sentitu bazituen ere.

Iraganaren eta orainaren arteko zubi, Lourdesekin batera bidegile izan ziren eta zineten emakumeez bereziki oroitu nahiko nuke: Estitxu Robles-Arangiz, Pantxika Erramuzpe, Maite Iridin, Sara Soto, edota Maite Aizkorreta, Mari Jose Fernandez eta Itziar Maritxalar, batzuk aipatzearren. Moldeak apurtu zituzten eta, horregatik, gaur, Lourdesi Urrezko Domina eskaintzearekin bat, emakumeek euskal kantagintzaren eta, oro har, kulturgintzaren garapenean izandako garrantzia aitortzen eta aldarrikatzen dugu.
“Ez dun amairu”, Lourdes. Zauden lekuan zaudela, pozik irudikatzen zaitut, zure ondoren etorritako musikari eta abeslarien arrakasta ikusita. Oparoa baita, joan zinenetik, publikoaren aitortza eta maitasuna jaso duten emakumezko sortzaileen zerrenda. Dagoeneko hiru aldiz irabazi du Maialen Lujanbiok Bertsolari Txapelketa Nagusia. Kritikaren eta publikoaren txaloak jasotzen ari da musikari gazte belaunaldi berri bat. Emakumezko idazle nabarmenen zerrenda are eta oparoagoa da. Oraindik asko daukagu egiteko, baina bagoaz aurrera.

Tene Mujikak zioen “elearen osasuna gaztedian” zegoela, “iraungo badu, gizaldi guztietan erabiliko duten gazteak” behar dituela hizkuntzak.
Zer esan, Lourdes Iriondok euskararen transmisioan egindako lan eskergaz?
Alor honetan ere, bihotzeraino iristen diren doinuak, kantak, antzezlanak eta ipuinak dira Lourdes Iriondorenak. Hortaz jabetzeko, nahikoa da Mateo Txisturen kondairara itzultzea, Irabaziko degu! hodei zurien eta beltzen arteko lasterketa aditzea, edo xagu txikiaren atrebimenduarekin gozatzea, libertatea hain da eder eta polit!
Nabarmena da haren sormen koloretsua, bide berriak irekitzeko grina, formatu berriak frogatzeko gogoa.
Azken batean, Lourdes Iriondoren ibilbideak gogorarazten digu zer nolako eragina izan dezakeen kulturgintzak, sorkuntzak, norbanakoon eta hiztun komunitate oso baten bizitzan eta bilakaeran. Zer nolako garrantzia duen kultur sortzaileei lanerako eta sormenerako baldintza egokiak eskaintzea, merezi duen lekua edukitzea, euren lanekin piztu dezaten herritarron grina, gogoeta kritikoa eta gozamena.

Gaur egunera etorrita, atzeraldian jausteko arriskua mahai gainean dugularik, euskararen biziberritzean jauzia emateko tenorean gaude. Elkarlanean, ahalegin horretan lehentasunak markatu eta, guztiok batera, aurrera egiteko premia dugu. Hori da, olatuz olatu, marea berria eragiteko modu bakarra.
Iriondoren lanari erreparatuz, lehentasun horien artean behar du euskaraz sortutako kulturak, batetik.
Bestetik, hizkuntzaren transmisioari arreta berezia eskaini beharrean gaude, bizi ditugun eraldatze sozial sakonen testuinguruan. Ezin dugu egiteko hori eskolaren bizkar soilik utzi. Euskaratik elikatzen asmatu behar dugu belaunaldi gazteenen irudimena eta jakinmina, dela aisialdian, edukietan, pantailetan eta kaleko bizitzan.
Haur eta gazteei zuzendutako edukiak ez baitira bigarren mailako gaia. Pertsonen bihotzean betirako iltzatzen diren sentipenak eragiten dituzte eta, beraz, lehen mailako erronka batez ari gara. Hizkuntzaren txinparta eta magia bizirik mantentzen asmatu behar dugulako.

Horretan ere, euskararen bueltan komunitatea josten, eredugarria izan zen Lourdes Iriondoren ekarpena.
Urnietako Ikastolako haurren sormena eta euskaltzaletasuna elikatzeaz gain, Elizako komunitatearen partaide eskuzabal, urnietarren eguneroko bizipen eta jardueretan partaide izan zen. Ezaugarri zuen askatasun eta konpromiso horren lekukotza utzi zuen, beste hainbatekin batera, Imanol Lartzabali publikoki babesa adieraztean, zorionez gaindituak ditugun garai gatazkatsu haietan.

Plaza eta eszenatokietatik jaitsi zen Lourdes, bai. Sekula ez, ordea, haren inguruan euskaltzaletasuna, kultura, elkarlana, herriarekiko eta komunitatearekiko konpromisoa praktikatzetik. Eta hori jada lezio ederra da.

2025. urte honetan, ‘Gipuzkoa’ hitzaren idatzizko testigantza zaharrena gogoratu dugu. Harrotasunez aldarrikatu, gipuzkoarron izena eta izana; mende luzez guztion artean garatzen eta lantzen joan garen balio sendoak. Gure lurraldea eta gure herria bera josten dutenak.
Euskara da elkarri lotzen gaituen balio nagusi horietako bat, nagusiena ez bada. Gure izanaren bihotz-bihotzean dagoen ezaugarria.
Lourdesen kantak abesten, haren ipuinak kontatzen edo antzezlanak plazaratzen ditugun bakoitzean, haren sormena, berritzeko eta bizitzeko gogoa ematen dizkiogu euskarari.
Lourdes: gu guztion ardura da, zer esanik ez herri erakundeona, zure ahotsa, lana, ekarpena, bizirik mantentzea eta belaunaldi berriei helaraztea. Zure kide izan ziren guztien lanarekin batera.

Ez zaitugu nahi bitrina batean. Ez bakarrik argazkien zuri beltz ederrean. Nahi zaitugu etenik gabeko ibilian, etengabe berritzen den kultur sorkuntzaren iturrian. Hori izango da hire ondare bizia badabilen seinale. Gure hizkuntza bera badabilen seinale.
Errota zahar maitea. Negar egiten dezu, alea xehetzean.

Gu ere triste gaude, Lourdes, zutaz oroitzean. Gauza bera gertatzen zaigun Xabierrez eta dagoeneko utzi gaituztenez gogoratzean. Baina kantuz eta pozez gogoratuko zaituztegu, gogoratuko zaitugu, aurrerantzean ere, zinen emakume ausart eta aitzindariaren indarrez.
Joxe Mendiagaren bertso zaharretan bezala, zutaz oroit, abestuko dugu kantuz sortu ginela eta kantuz nahi dugula bizi.
Oztopoak oztopo, euskaraz nahi dugula sortu eta bizi. Etorkizunean ere, izan nahi dugula komunitate, izan nahi dugula herri. Eta, guztiok batera, lortuko dugula.

Mila esker Lourdes, bihotz bihotzez, eman zenigun guztiagatik, eta aurrerantzean ere emango diguzun guztiagatik.