Madrili eta Parisi trenaren aldeko benetako apustua exijitu die EAJk, Gipuzkoak eta Donostiak etorkizuneko mugikortasunaren eraldatzea gauzatu dezaten.

EAJ-PNVk trenaren aldeko apustua aldarrikatu du gaur arratsaldean, Donostian eta Gipuzkoan “garraio publikoa eta mugikortasuna eraldatuko dituen garraiobidea” delako, zailtasun guztien gainetik, dagoeneko martxan dauden eta etorkizun hurbilean gauzatuko diren proiektuei esker. Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera, Donostiako Easo plazan, EuskoTreneko geltokiaren ondoan, egin dituzten adierazpenetan, Eider Mendoza diputatu nagusi izateko hautagaiak eta Eneko Goiak, egungo Donostiako alkate eta alkategaiak, Madrilgo eta Parisko gobernuei eskatu diete “trenaren alde egiazko apustua” egin dezatela, lurraldeak gauzatu ahal izan dezan “etorkizuneko mugikortasunera begira egiten ari den eraldatzea”, garraio publiko eta iraunkorrari bultzada berri bat emateko bidean.

Mendozak eta Goiak konpromisoa hartu dute, maiatzaren 28ko hauteskundeen ondoren, Foru Aldundiko eta Udaleko gobernu-ekintzatik eraginez, Euskadik Arku Atlantikoaren interkonexioak eta mugikortasuna defendatzeko bultzatutako ekimenarekin bat egingo dutela. Europako makroeskualde honetan, Donostiak, Gipuzkoak eta Euskadik “funtsezko rola, lehen mailako protagonismoa” izan behar dutela esateko garaian bat etorri dira. Era berean, lehendakariarekin batera, Abiadura Handiko Trenaren hedapena eta konexioak bizkortzeko beharra defendatu dute, eta, horretarako, Espainiako eta Frantziako estatuei galdegin diete lehentasuna eman diezaietela ardatz atlantikoko garraiobideei eta, konpromisoak betez, lehentasuna eman diezaiotela Bordele-Dax-Irun Abiadura Handiko trenbide konexioari.

Iñigo Urkulluk gogorarazi duenez, 2030. urtea da Europako Batzordeak ezarritako data da Atlantikoko trenbide korridorea amaitzeko. “Lehentasun hori indarrak batuz baino ez dugu lortuko, Euskal Alderdi Jeltzalearen bultzadarekin. Europarekin dugun lotura jokoan dago, ezin gara jokoz kanpo geratu Europako konexio ardatzetan”, azpimarratu du, eta gaineratu du Abiadura Handiko Trena “oinarrizko inbertsioa” dela pertsonen, ekonomiaren, industriaren eta enpleguaren mesedetan.

“Lehiakortasuna irabazteko, aukera berriak sortzeko eta kalitate handiagoko enplegua sortzeko aukera emango digu”, gehitu du lehendakariak, eta “Europarekin lotura” Udalaren, Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren agendan “lehentasuna” izatearen balioa azpimarratu du. “Europan dugun posizioa indartu behar dugu. Elkarrekin lan egiten jarraituko dugu, Herri-erronka honetan aurrera egitea da EAJ-PNVren konpromisoa”, amaitu du.

Trena, Gipuzkoaren etorkizunerako funtsezkoa

Bere hitzaldian, Eider Mendozak adierazi du “mugikortasun jasangarrian aurrera egitea” izango dela Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen urteetan izango duen “zeregin nagusietako bat”, lurralde osoan “herritarren eguneroko bizitza erraztuko duen garraio publikoa hobetzeko” eta “deskarbonizazioan urrats berriak” emateko helburuarekin. “Trena protagonista izango da etorkizuneko Gipuzkoan”, berretsi du diputatu nagusigaiak, “azken urteotan egiten ari garen inbertsioek Donostialdean eta Gipuzkoa osoan mugitzeko modua eraldatuko dutelako”.

Gogorarazi duenez, Donostia Euskal Y-arekin konektatzearekin batera, Gipuzkoako hiriburuan Renferen geltoki berriarekin eta Topo delakoa lurperatzearekin batera, EAJ-PNVk Loiolako Erriberako aldagunea edo trukagailua gauzatzea sustatuko du, Irun-Brinkola aldirien eta Euskotrenen linearen arteko konexioak ahalbidetuko dituena. “Azpiegitura honek pertsona askoren bizitza eta joan-etorriak hobetuko ditu, adibidez, Alegia edo Zumarragako gazte bat trenez unibertsitatera joan ahal izateko, Ibaetako campusera”, azaldu du.

Era berean, Mendozak irmotasunez defendatu du Madrilek Irun-Brinkola aldirietako eskuduntza, Estatutuan jaso bezala, Jaurlaritzari itzuli behar diola. “Zerbitzu horrek, gaur egun, arazo asko izaten ditu: matxurak, atzerapenak eta erabiltzaileenganako informazio falta. Horregatik, Eusko Jaurlaritzarekin batera, eskuduntza hori iristeko lan egingo dugu, eta hemendik Irun-Brinkola zerbitzu modernoa, erosoa eta eraginkorra izan dadin lan egingo dugu”, adierazi du diputatu nagusi izateko hautagaiak.

“Donostia konektatua”

Donostiako egungo alkate eta alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaiak, Eneko Goiak, adierazi duenez, Topoaren trenbide pasabide berria, Abiadura Handiaren iretsiera, autobus elektriko eta garbien hedatzea eta bizikleta publikoaren sistema indartzea dira gaur egun eraikitzen ari garen “hiri konektatuaren” zutabeak. Eskema berri horrek donostiarron eta bisitatzen gaituztenen “mugitzeko modua aldatuko du” eta hirigune espazio zabalak eraldatzea ahalbidetuko du, oinezkoentzako eremuak irabazi ahal izateko.

Goiak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren eskutik hiria egiten ari den apustuetan trenbide bidezko hiri garraioa indartu behar da, Topoaren igarobidearen obrarekin. Horri esker, “Irun eta Zumaia lotuko dira, tartean Donostitik igarota”. Azpiegitura horrekin batera, Loiolako Erriberako aldaguneak Topoa eta Renferen Irun-Brinkola zerbitzuaren prestazioak biderkatuko ditu, bi zerbitzuak elkarrekin konektatuz eta bi lineak moldakorragoak eginez. Azkenik, Abiadura Handiko Trena hirira iristeak triangelu hori itxi egingo du eta “tren bidezko garraioa funtsezko pieza bihurtuko da Donostiarako eta Donostiatik egindako mugikortasunerako”.

Helburu horretan aurrera egiteko, Goiak proposatu du “mugikortasuna berrantolatzea, oinezkoa ardatz hartuta, garraio publiko jasangarriago eta garbiago batekin, hiri barruko mugimenduak hobetzeko azpiegitura berriei etekina aterako diena, herritarrei beren eguneroko bizitzarako eta gozamenerako espazio osasungarri eta seguruak itzuliz”.

Ingurumen-onurez eta garraio publikoaren sarearen eraginkortasunaz gain, Topoa zabaltzeak donostiarrentzako lur gaineko espazioak berreskuratzea ahalbidetuko du, modu berezian Easoko trenbide hondartzan askatuko diren 21.000m2ak. Bertan, Arabako parkea zabaltzeko lan egingo dugu, hiriaren erdiguneko biriketako bat zabalduz, eta etxebizitzaren garapena eta Kontserbatorio berriaren kokapen posiblea bultzatuko ditugu.

Ildo horretan, Anoeta eta Errondo pasealekuaren artean Topoaren trenbideko trazadura lurperatzea bultzatzeko konpromisoa hartu du Eneko Goiak; baita ere, Anoetatik Loiolako Erriberako aldagailuaren artean, trenbidearen soinu-inpaktua minimizatuko duten hesi akustikoak ezartzeko konpromisoa. Horrela, espazio atseginagoak irabaziko dira Amara auzoan.

Horixe da, hain zuzen ere, Topoaren onurarik handienetako bat. Goiak gogorarazi du zirkulazioan dagoen tren bakoitzak 400 pertsona eraman ditzakeela, hau da, 5 autobus edo 100 auto pribatu, horrek kutsaduran duen eragin guztiarekin. Gainera, gainazal azpiko garraioa izateak fidagarritasun handiagoa ematen dio, ez baitago baldintzatuta hiriko bizitzaren funtsezko uneetan bestelako jarduerek sor ditzaketen trabetara.