Mendozak “indarrez, jarrera eraikitzailearekin, anbizioz eta adorez” egingo du lan, Gipuzkoak “aitzindari izaten jarrai dezan”.
“Historian zehar, Gipuzkoa aitzindaria izan da zentzu askotan, eta gaur egun ere hala izaten jarraitzen du. Gure lurraldea aitzindaria da babes sozialean, desberdinkeriaren kontrako borrokan, ezagutza aurreratuan, berrikuntzan… Eta, etorkizunera begira, aurrera egiteko, indarrez, jarrera eraikitzailez, anbizioz eta adorez egingo dut lan Gipuzkoa aitzindari izaten jarraitzeko”. Hauxe izan da gaur eguerdian Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagaiak, nabarmendu duen ideia nagusia. Honekin batera, esan du itsas munduaren historian egungo mundu globalean lehiatzeko eta lurralde aurreratua izaten jarraitzeko hainbat balio aurkitzen direla, hala nola inkonformismoa eta arazoei aurre egiteko gaitasuna, eta gaur egun munduan zehar “gure ongizaterako aberastasuna sortuz dabiltzanei” aitortza egin die.
Mendoza Getarian izan da gaur eguerdian, alderdi jeltzaleak Urola Kostako alkategaiak aurkezteko egin duen ekitaldian parte hartzen. Goizean, hautagaiak lan bilera egin du eskualdeko alkategaiekin: Xabier Txurruka Fernandez, Zarauzko alkatea eta alkategaia; Jon Ander Azpiroz Otegi, Aiako alkategaia; Noemi Ostolaza Arcauz, Orioko alkategaia; Josemi Antia Albizu, Zumaiako alkategaia; eta Iosu Mugika Garmendia, Getariako alkategaia. Azken herri honetako Bista Ona plazan egin den Gipuzko Buru Batzarreko presidente den Joseba Egibarrek itxi du.
Diputatu nagusi izateko hautagaiak, bere hitzaldian, gogoratu du Elkanoren jaioterrian egin dela mitina, eta hau Euskal Herriak eman duen pertsonaiarik unibertsalenetakoa dela. “Elkano, eta bere garaikide askok, aurrera egiteko ausardia, adimena eta anbizioa erakutsi zituzten. Dena zen ezezaguna haientzat, dena ziren ziurgabetasunak, baina aurrera egin eta zailtasunei gailentzea lortu zuten”, azaldu du. Honekin batera, arazoei aurre egin eta aurrera egiteko erakutsi zuten gaitasuna goraipatu du hautagai jeltzaleak.
“Euskaldunok mendeak daramatzagu mundu zabalera irteten. Azken hamarkadetan, hazten joan da alderantzizko bidea egiten dutenen kopurua ere, turismoaren gorakadaren eskutik”, gaineratu du Mendozak, adieraziz Urola Kosta dela turismoa gehien erakartzen duen lurraldeko eskualdetakoa. Izan ere, eskualde honetan zer bisitatu badagoela esan du, ondare natural oso aberatsa baitago:nazioartean ezaguna den Flysch, Zarauzko Biotopo babestua, lurraldeko lau Parke Naturaletakoetako bat (Pagoeta), hondartza zoragarriak… eta, honez gain, ondare historiko eta gastronomiko paregabea, edo Getarian bertan dagoen Balentziaga museoa bera.
“Turismoa, ordea, aukera bihurtu behar dugu; ezin diogu mehatxu izaten utzi. Guk oreka berdea bultzatu nahi dugu: ingurumenaren zaintza, ekonomia jarduerarekin uztartuta. Eta ekonomia jardueraz ari garenean, lehen sektoreaz eta industriaz ari gara, baina baita turismoaz ere”, aldeztu du Mendozak. Aurrera begira, turismo eredu orekatu baten aldeko apustua egin du: jasangarria, kalitatezko enplegua eta aberastasuna sortzen lagunduko duena eta lurralde osoan hedatua dagoena. “Gure kultura eta nortasuna erakargarriak dira, eta hauek balioan jarri eta ezagutarazten lagunduko digun turismo eredua da bultzatzen duguna”, osatu du.
Joseba Egibar
Gipuzko Buru Batzarreko presidente den Joseba Egibarrek, bere aldetik, konpromisoan jarri du fokoa, Eusko Alderdi Jeltzalearen hautetsiek herriarekin dutena, eta eskerrak eman dizkie Urola Kostako hautagai guztiei. EH Bilduri buruz, galdetu die non egon diren azken ia 50 urtetan, “herri honek hartu dituen erabaki estrategikoak erabaki direnean”, adibidez ikastolen legea, oinarrizko errenta edota industriaren aldeko apustua egin zenean. “Non zeuden? Barrikadetan. Gizarte babesa, ingurumena, berdintasuna… Non zeuden, herri akordioak bultzatu behar ziren garaian? Hori da etxekalte izatea”, adierazi du.
Orainaldiari erreparatuta, esan du euskaldunak herri txiki bat osatzen dutela, eta mundu global honetan dauden erronkei eusteko “herri apustuak ondo jokatu behar ditugula”, aurrera egin eta herri nortasunari eutsi ahal izateko. “Dena ez dugu ondo egin, hori egia da. Baina alderdi guztien ibilbidea aztertuz gero, ikusi eta alderatu ia zein ibili den herri honek markatu duen arrastoan eta zein arrastotik kanpo. Klabea hori da: aurrera egiteko, gehiengo politiko eta sozialak behar dira. Eta Eusko Alderdi Jeltzaleak, gehiengo politiko eta sozialen eskutik, herri bideak diseinatu eta herriari eskaini dizkio. Hori da gurea!”, aldeztu du.
Hauteskunde kanpainara begiratuta, esan du Gipuzkoako gizartea “astindu” beharra dagoela, hitzordu garrantzitsua baita, “euskal erakundeak esku onetan utzi behar ditugulako, etorkizuna bermatzeko”. Eta hemen, adierazi du Eusko Alderdi Jeltzalearen indargunea dela alderdi abertzalea izatea: “Abertzalea izateak esan nahi du aberria zaintzeaz gain, norbanako bakoitzaren eskubideak defenditu behar direla. Hor dago klabea! Gu ez gara ezker muturreko ez dakit zer, abertzaleak gara. Euskaldun guztiak defenditu, ditugun eskubideak babestu eta herri aberastasuna sortu, gero banatu ahal izateko”, azpimarratu du, alderdi jeltzaleak “itxurakeriaren aurrean” benekotasuna eskaintzen duela gaineratuz.
Alkategaiekin solasaldia
EAJ-PNV eskualdez eskualde egiten ari den ekitaldi hauen funtsa Gipuzkoako bailara eta herri bakoitzak bizi duen errealitatea hobeto ezagutzea dela gogoratu du Mendozak. Horretarako, goizean egindako lan bileraz gain, ekitaldian zehar solasaldia izan du Urola Kostako hautagaiekin. Zarauzko alkate eta alkategai den Xabier Txurruka Fernadezenkasuan, azken bi legealditan egin den lana jarri du balioan, “izugarrizko bultzada” eman diona herriari eta herritarren ongizateari. Aiako kasuan, herri honetako alkategaia den Jon Ander Azpiroz Otegik herriak dituen balio handiko ingurune naturala nabarmendu du, eta lehen sektorearen defentsa egin du, hein handi batean ondare horren zaindaria delako.
Bere aldetik, Noemi Ostolaza Arcauz Orioko alkategaiak arlo soziala izan du mintzagai, eta Eusko Alderdi Jeltzaleak herriarentzako zaintzaren esparruan duen proiektu propioa aurreratu du. Zumaiaren kasuan, Josemi Antia Albizu alkategaiakesan du pertsona eta sentsibilitate guztiak aintzat hartu nahi dituen egitasmoa eskaintzen duela, herritar guztiek beraien bizi proiektua Zumaian gauzatu ahal izatea helburu duena. Eta azkenik, Iosu Mugika Garmendia Getariako zerrendaburuak, herriarentzako aurkezten duen proiektu sendo eta berritzailearen ideia nagusiak aurreratu ditu.