Pasaia indartzeko 12 proiektu eta 162 milioiko inbertsioa
Erakundeen arteko lankidetzari esker datozen bost urteetan 162 milioi inbertitu ahal izango direla herria osatzen duten lau barrutiak nabarmen hobetuko dituzten eta, zuzenean, pasaitarren bizitzan eragina izango duten 12 proiektutan.
Lehendakariarekin batera izan dira Izaskun Gómez alkatea, Markel Olano diputatu nagusia, Joaquín Telleria Pasaiako Portuko Agintaritzako presidentea, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburua eta Bingen Zupiria Kultura sailburua. Albaolan egindako bilera batean, agintariek aipatutako 12 proiektuen errepasoa egin dute. Proiektu horietan lau erakundeek parte hartzen dute. Egiaztatu dutenez, nahi baino denbora gehiago behar izan da partekatutako ibilbide-orri horri ekiteko, Pasaian esku hartzea konplexua baita tartean dauden erakunde eta administrazio kopuruagatik. Nolanahi ere, azken zortzi urteetan erakunde guztiek egindako ahalegina nabarmendu dute, eta, horrela, orain abian jarri ahal izan direnak bezalako proiektu garrantzitsu eta beharrezkoak gauzatzeko aukera eman dute.
Pasaia biziberritzeko esku-hartzeen artean, Adinberri Osasuntsu Zahartzeko Zentroa nabarmendu behar da. Aldundiak 140 plazako egoitza bat, tutoretzapeko 18 apartamentu eta hiru solairuko lurpeko aparkaleku bat eraikiko ditu Ospitaletxon. Foru Aldundiak dagoeneko lizitatu du proiektu honen eraikuntza, 69 milioiko inbertsioa suposatuko duena. Beste apustu estrategiko bat Topoa lurperatzea eta Eusko Jaurlaritzaren Euskal Trenbide Sarea egiten ari den Antxoko zubibidea desagertzea da, 64 milioiko aurrekontuarekin. San Juango uren saneamendua (4,5 milioi), Andonaegiko berroneratze plana (8 milioi), SPRIk ekonomia urdinerako eraikin bat eraikitzea (3,5 milioi), lonjaren estalkia eta Esnabiderako sarbidea (3 milioi), Luzuriagako bulego zaharren birmoldaketa (6 milioi), Lezo eta San Juan arteko bidegorria (1,5 milioi) eta Herrerako pabiloien estalkia (1,2 milioi) dira gaurko bisitarekin balioan jarri nahi izan den eta erakunde arteko lankidetzari esker abian jarri diren jardueren multzoa.