Urkulluk iragarri du Tolosaldeako Ospitale berria “abian” dela eta “Larrialdiak, 18 espezialitate eta 72 ohe arte” izango dituela.

Iñigo Urkullu Lehendakariak gaur iragarri du Tolosaldeko Ospitale berria “abian dela”, joan den ostiralean Tolosako Udalean bere Plan Funtzionala erregistratu eta Eusko Jaurlaritzak eraikitzeko behar duen inbertsioa bermatu ondoren. EAJ-PNVk gaur Tolosan egin duen ekitaldi politiko batean, Urkulluk gogorarazi du bera buru duen Jaurlaritzak duela sei hilabete iragarri zuela Tolosaldearekiko konpromiso hori, baina konpromisotik ekintzetara igaro da gaur, zehaztu duenez “osasun-zentro publiko berriak eskualdeko Ospitaleen egitura bera izango du eta 18 espezialitate mediko eta kirurgiko izango ditu, besteak beste, Kardiologia, Errehabilitazioa, Osasun Mentala, Tokoginekologia edo Traumatologia”. Ospitaleak 17.000 metro karratu baino gehiago izango ditu, eta 72 ohe arte izango ditu, “larrialdiak, ospitalizazio medikoa, etxeko ospitalizazioa, eguneko ospitalea eta kanpo-kontsultetako arreta espezializatua”, beste hainbat espezialitateen artean.

Txalo zaparrada beroa eman zaie Urkulluren hitzei gaur Tolosako Triangelua Plazan alderdikide eta alderdizale ugariren aurrean EAJ-PNVk egin duen ekitaldian. Hitza hartzen lehena izan da alkatetzarako hautagai Xarles Iturbe, eta bere hitzetan ohartarazi duenez Tolosak maiatzaren 28an jokoan izango du “zer eredu mota nahi duen. Tolosa bizia defendatzen dugu, anitza, berdintzailea eta jasangarria, ekonomikoki aurrerakoia, kalitatezko enplegu aukerak eta gure gazteei etxebizitza aukera berriak emango dituena” ,“ batzuek irudikatzen duten Tolosa ilun eta desitxuratuaren aurrean”. Gipuzko Buru Batzarraren presidente Joseba Egibarrek gogora ekarri duenez, EAJ-PNVk “iragan eta orainaldi eraikitzaile eta trasformatzaileak ditu”, beste alderdi politikoek “kredentzial hori nekez aurkeztuko luketen bitartean”. Ekitaldiari amaiera emateko hitzek esan ditu Eider Mendoza GIpuzkoako ahaldun nagusirako hautagaiak. Orion atzo bertan egin zen krimen matxista gaitzesteko kostako herri horretan egin den elkarretaratzean parte hartu ondoren, Mendozak ohartarazi du gipuzkoarrek maiatzaren 28an erabaki beharko dutela “programarik gabe eta Photoshop askorekin” aurkezten diren alderdien eta EAJ-PNVren artean, “filtrorik gabe baina programa sendo batekin aurkezten dena, pertsonen ongizaterako bidean aurrera egiten jarraitzeko”.

Lehendakariak erakundeen arteko lankidetza balioan jarri du, ospitaleaz gain, Tolosan proiektu gehiago abian jartzeko aukera eman baitu: “proiektu eta ekimen oso garrantzitsuak jarri ditugu martxan, Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin egindako lanari esker: ELIKER Kalitatezko Elikaduraren Zentroa, Zuloaga errefuxiatuentzako zentroa, Aholku Sarearen bulegoa, TOPIC Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa, Orixe Institutu berria edo gazteei aukera berriak eskaintzeko Lanbide Heziketako programak garatzeko egindako inbertsioa”, besteak beste. Era berean, Urkulluk nabarmendu du gaur, historian lehen aldiz, Euskadin milioi bat pertsona baino gehiago ari garela lanean. “Ehun ekonomikoa, ekintzaileak, langile eta enpresariak, autonomoak, kooperatibak, gizarte-ekonomiak, industria, zerbitzuak, merkataritza, lehen sektorea… erakundeekin batera, denok helburu beraren alde lanean, Euskadiren etorkizuna eraikitzen. Emaitzak hobetzen jarraituko dugu. Lan aukera berriak sortzen jarraituko dugu. Hori baita gure lan egiteko era”, esan du.

“Aurrera egiteko: oinak lurrean, burua argi, besoak zabalik, eskuak lanean, euskara ahoan eta herria bihotzean”. Horrela laburbildu du Joseba Egibarrek EAJren herrigintza. “Politika egiteko oinak lurrean eduki behar dira, badakigulako amets zoroekin ibili direnak nola bukatu duten”, adierazi du. Zentzu horretan, bide politiko eta demokratikoen garrantzia azpimarratu du. “Buru argiari” dagokienez, “erakundeetan ardurak hartu aurretik, proiektuen inguruko hausnarketa, eztabaida egin behar da gero garatu ahal izateko”, azaldu du. Erakundeen arteko lana da EAJ-PNVren herrigintzaren beste gakoetako bat. Horregatik, “besoak zabalik” izateko deia erantzunkidetasunez jokatzeko. “Eta, noski, eskuak lanean, inspirazioak lanean harrapa gaitzala; eta EAJ-PNV beti aurkituko duzue lanean”, gaineratu du. “Ezker abertzaleak erakusten duen amnesiaren aurrean memoria aplikatu behar da, eta agertzen duten adanismoaren aurrean, herri honen nazio eta gizarte eraikuntzaren errealitatea”, erantsi du. Egibarrek azpimarratu du “ibilbide demokratiko luzea” dagoela herrialde honetan. Azken lau hamarkada eta erdietan, “EAJ hor egon da eguneroko aberrigintzan, egunero, egunero”, aldarrikatu du. “Batzuek eraikitzen genuen bitartean, beste batzuek ez zuten hori egiten, hain zuzen ere”, gaineratu du. “Guk badaukagu iragan eta orainaldi eraikitzailea, eta beste batzuek nekez aurkeztu dezakete kredentzial hori“, ondorioztatu du. “Euskara ahoan euskaldun egiten gaituelako”, jarraitu du, “eta bihotzean dugu gure herria, euskal hautetsi bezala, Euskadi gure aberriaren alde lan egiten dugulako”, bukatu du.

Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagaia den Eider Mendozak, mobilizaziora deitu du datorren maiatzaren 28ko hauteskundeei begira, eta adierazi du bi aukera daudela: “Batetik, programarik gabe eta Photoshop-arekin aurkezten diren alderdiak. Eta bestetik EAJ-PNV, filtrorik gabe, baina programa sendoarekin eta denon ongizatea helburu duena”. Honela, esan du “katastrofismoaren aurrean”, Gipuzkoarentzat proposatzen duena “ilusioa, indarra eta kemena” direla, “eta konfiantzarekin, arazoei aurre egiteko”. “Izan pandemia, inflazioa, etxebizitza, osasun zerbitzua edo funtzionatzen ez duen trena”, azpimarratu du. Gaineratu duenez, aurreko belaunaldiak “okerragoak ere gainditu” zituzten, eta “guk ere egingo dugu, herri honetan beti egin izan den bezala, EAJ-PNVren eskutik”.

Tolosako alkategai jeltzale Xarles Iturbek ziurtatu duenez, “maiatzaren 28an Tolosak zein herri eredu nahi duen erabakiko du. Guk, Tolosako Euzko Alderdi Jeltzalea osatzen dugunok, argi dugu zer nolako herria nahi dugun: Tolosa bizia, anitza, abegitsua, berdinzalea eta jasangarria. Ekonomikoki oparoa, kalitatezko enplegu aukerak eskainiko dituena. Gure gazteei etxebizitza aukera berriak eskainiko dizkiena, herritarren ongizatea eta zaintza erdigunean jarriko dituena, inor atzean utzi gabe. Garenaz harro dagoen Tolosa, euskalduna eta euskaltzalea, kirolzalea. Memoria duen herri bat. Hori da, zalantzarik gabe, nahi dugun Tolosa. Gure bideorri zehatza dugu, hamaika proiektu ditugu Tolosa aurrerabidean jartzeko, apustuak egiten jarraitzeko eta Euzko Alderdi Jeltzalearen lanari jarraipena emateko. “Azkenaldian, bakar batzuk Tolosa ilun eta desitxuratu bat marrazten saiatzen dabiltza”, deitoratu du Iturbek, baina “hori ez da guk aldarrikatzen dugun Tolosa. Ez gara Tolosa horretan isladatuak sentitzen. Guk, desesperantzaren eta diskurtso katastrofisten aurrean: jarrera eraikitzailea eta entzuketa etengabea. Debaldeko liskarren aurrean: apustu sendo eta egingarriak. Adanismoaren eta paralisi estrategien aurrean: eguneroko esfortzua, lan isila eta serioa. Hori da gure eredua, hori da Euzko Alderdi Jeltzalearen egiteko modua“, amaitu du Iturbek.