Zerga eredu “justu eta progresiboa” aldarrikatu du Mendozak, kohesio soziala bermatu eta ekonomia sustatzeko eragiten duena.
Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagai den Eider Mendoza Larrañagak ekonomia eta zerga sistema izan ditu gaur hizpide, eta zerga sistema “justu eta progresiboa” aldarrikatu du, justizia soziala bermatzen duena, familien ekonomia babesten duena, eta ekonomia eta industria sustatzen laguntzeko tresna bezala eragiten duena. “Zeren eta ekonomia eta industria hori da, gure ongizate maila eta bizi-kalitateari eusten diona”, adierazi du. Nabarmendu duenez, ordezkatzen duen alderdiak aldezten duen eredua “ez dira ideia edo proposamen hutsak, besteenak bezala”, baizik eta hitzekin eta egiaztatu daitezkeen ekintzekin erakusten den egiteko modua. “Pandemian, edota gure herritarrak, autonomoak edo enpresak zailtasunetan dauden bakoitzean erakutsi dugu, erakusten dugu eta erakutsiko dugu zein den gure eredua”, azaldu du.
Mendoza Hondarribian izan da gaur eguerdian, alderdi jeltzaleak Bidasoako alkategaiak aurkezteko egin duen ekitaldian parte hartzen. Goizean, hautagaiak lan bilera egin du eskualdeko bi alkategaiekin, Hondarribiko Gonzalo Carrion Insausti, ‘Txalo’, eta Irungo Xabier Iridoy Olaizola. EAJ-PNV eskualdez eskualde egiten ari den ekitaldi hauen funtsa Gipuzkoako bailara eta herri bakoitzak bizi duen errealitatea hobeto ezagutzea dela gogoratu du Mendozak. Horretarako, goizean egindako lan bileraz gain, ekitaldian zehar ere hartu dute hitza Bidasoako hautagaiek eta Joseba Egibar Artola, EAJ-PNVren Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak itxi du.
Diputatu nagusi izateko hautagaiak, bere hitzaldian, esan du datozen maiatzak 28ko hauteskundeetan bi aukera daudela arlo ekonomikoan, eta EAJ-PNVk, eginez, behin eta berriz erakutsi duela zein den bere proposamena. “Alderaketak egiteko, ez dago denboran atzera gehiegi egin beharrik. Pandemia erdian, ekonomia krisi betean, zenean, zer egin zuten batzuk, eta zer egin genuen besteok. Ze proposatu zuen Bilduk? Lurraldeko enpresei zergak igotzea, gure ekonomia ehunarentzat oso momentu delikatu batean”, azaldu du.
Aldiz, EAJ-PNVk, momentu berean, “dena” eman zuela esan du, lurraldeko enpresa eta autonomoek aurrera egin zezaten. “2019ko apirilean, 330 milioi euro bildu genituen; 2020ko apirilean, benetako beharra zegoenean, 2 milioi. Hori sendotasun ekonomikoa eta bisioa daukan erakunde batek bakarrik egin dezake”, esan du. “Berdin egin dugu aste honetan hasi den Errenta kanpainan: 119 milioi gehigarri itzuliko ditugu, familiei eta autonomoei laguntzeko, prezioen gorakadari aurre egiteko”, gogoratu du. Bere esanetan, honelako erabaki eta neurriek eta alderdiaren beraren ibilbideak “konkrezioa” eta “sinesgarritasuna” ematen diote EAJ-PNVri, “eta herritarrek badakite hori ikusten”.
Egoera orokorrari erreparatuta, Mendozak nabarmendu du Gipuzkoak oinarri sendoak dituela, eta konfiantza mezua helarazi du. Hala ere, agertokian dauden zenbait ziurgabetasun ere aipatu ditu, hala nola prezioen igoera eta hipoteken gorakada, herritarrentzat kezka iturri direnak. “Ea errealitate honen, zailtasun hauen aurrean, zer? Pankartaren atzean gelditu, edo arazoei aurre egin, eta konponbideak bilatu. Eusko Alderdi Jeltzalearen hautua bigarrengoa da, hala izan da gure ibilbide politiko guztian zehar, eta behin eta berriz erakusten dugu ekintzekin”, aldeztu du. “Gure aurrekoek lan itzela egin dute, eta gauden lekuraino ekarri gaituzte. Orain, guk hartzen dugu lekukoa. Gure belaunaldiari dagokio datozen urteetan Hondarribia, Irun eta Gipuzkoa bultzatzen jarraitzeko ardura, eta ilusioz eta indarrez heltzen diogu konpromiso horri”, adierazi du.
Joseba Egibar: konfiantza, proiektua eta eredua
GBBko presidente Joseba Egibarrek gogorarazi duenez, “konfiantza, proiektua eta eredua” dira EAJ-PNVren ezaugarriak, ezker abertzalearen planteamenduekin alderatuz. “Gauza guztiak ez ditugu ongi egin, baina herritarrek gugan konfiantza dute ibilbide bat dugulako, proiektu partekatu bat dugulako eta guztiok batera horren alde egiten dugulako, eta errespetuan, apaltasunean oinarritutako eredua dugulako”, azaldu du, gaineratuz: “Zein ibili da hamarkada hauetan guztietan aurrera eginez eta zeinek eduki du beti jarrera oztopatzailea?”.
Aurrera egiteko ahalegin horren lekuko, besteak beste, orain dela lau hamarkada Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiak goraipatu ditu Egibarrek, euskal industria “erortzen” ari zen garai batean politika industrial eraginkorrak martxan jartzeko “perspektiba eta adorea” izan zituelako. Urte luzez hainbat eta hainbat industria sailburuk egindako lan eraginkorraren aurrean, “badirudi ezker abertzaleak joan den astean” deskubritu duela industria”, alderatu du, Bilbon egindako aurkezpen bati erreferentzia eginez.
Egibarrek gogorarazi duenez, abertzaletasuna “herria zaintzea” da, gizartearen arazoei “erantzun eta herritarrak zaintzea”. Ikuspegi horretatik erabakitzeko eskubidearen eta eskubide historikoak eguneratzearen alde mintzatu da eta, etorkizuna giza eskubideen ikuspegitik eraikitzeko garaian, “memoria” beharrezko balioa dela aldarrikatu du. “Tamalez, gure herrian bizitako indarkeria, iraganean bizitakoa, ezin dugu aldatu. Ezin dugu aldatu, baina irakurketa bat eskatzen du, etorkizuneko gizarte demokratiko bat eraiki nahi badugu”, gehitu du, ezker abertzaleari erreferentzia eginez.
Bidasoako hautagaiak, prest
Irungo hautagai Xabier Iridoyk adierazi duenez, Gipuzkoa lurralde bezala nabarmen “aurrera” egiten ari den bitartean, Irun “atzean gelditzen” ari da, Jose Antonio alkate sozialistak nahiago duelako “proiektuak gauzatu baino, irundarren interesak defendatu baino, gainontzeko erakundeekin liskarrak eragin”. “Non daude, benetan, azken 20 urteetan Santanok egindako promesa guztiak?”, galde egin du. Horren aurrean, Iridoyk EAJ-PNVren elkarlanerako gaitasuna eta proiektuak nabarmendu ditu, adibide gisa Plaiaundiko kirol instalazioak Txenpereneara lekuz aldatzeko egindako lana, trenbidearen estaltze proiekturako Madrilen lortutako akordioak edota Irungo erdigunean anbulategi handi berri bat eraikitzeko proiektua. “Irunek gehiago behar duelako, Irunek gehiago merezi duelako eta guk, gehiago hori badakigu nola eman irundarrei. Beraiekin batera, dituzten beharrak entzunez eta benetan, hauei erantzuna emanez. Irun, benetan lekura eraman nahi dugu, benetan merezi duena eman nahi diogu, eta bide horretan, EAJ-PNVtik badakigu nola egin”, nabarmendu du.
Hondarribiako alkategaiak, Gonzalo Carrión Txalok, berak gidatutako hautagaitzaren sendotasuna nabarmendu du, “profesionalak eta eskarmentu handiko pertsonaz” osatutako “talde serio bat” osatu dutelako. “Populismoaren aurrean, erantzukizunez jokatzen dugu, herritarren artean haserreak eta hausturak eragin beharrean, guk modu konstruktiboan lan egiten dugu”, adierazi du, EAJ-PNVren eredu eraikitzailean azpimarra jarriz. Jarrera horren lekuko, Hondarribia Eginez prozesua aipatu du, zeinen bitartez dagoeneko herriko 50 elkarte eta 400 lagunen partaidetza erdietsi duten: “Leiho bat zabaldu dugu parez parez, leiho gardena eta leiho horren bidez egingo dugun Hondarribiako etorkizuna irudikatu nahi dugu”, aurreratu dugu.