EAJ-PNV ekonomiak aurrera egiten jarraitzeko “bermea” dela aldarrikatu du Eider Mendozak.

Eider Mendoza Larrañaga, Gipuzkoako diputatu nagusia izateko EAJ-PNVren hautagaiak, EAJ-PNV ekonomiak aurrera egiten jarraitzeko “bermea” dela adierazi du gaur. “Hamarkadaz hamarkada, Gipuzkoa eta Euskadiren ekonomikoaren eraikuntzan lidergoa izan du. Elkarlanean arituz, baina norabidea argi izanda beti”, adierazi du hautagai jeltzaleak. Mendozaren esanetan, EAJ-PNVk “badaki” nola egin ekonomia sustatzen jarraitu eta “herri honen aurrerabidea bermatzeko”. “Ekonomiak aurrera, egiteko aukerarik onena beti izan da, da eta izango da EAJ-PNV”, azpimarratu du.

Mendoza Azpeitian izan da gaur arratsaldean, alderdi jeltzaleak Urola Erdi alkategaiak aurkezteko egin duen ekitaldian parte hartzen. Berekin izan dira herriko alkategaia, Jabier Altuna Larrañaga; Azkoitiko lehen alkateorde eta alkategaia, Ana Azkoitia Urteaga; eta Zestoako alkategaia, Garikoitz Mendizabal Etxeberria. Ekitaldia EAJ-PNVren Gipuzko Buru Batzarreko presidente den Joseba Egibarrek itxi du.

Mendozak, bere hitzaldian, gogoratu du ekonomia beti izan dela lehentasun nagusietakoa alderdi jeltzalearentzat. “Ekonomia lehiakor eta dinamikoak ematen baitizkigu baliabideak, daukagun ongizate mailari eusteko. Batzuei sarritan ahazten zaien arren, banatzeko, lehenengo sortu egin behar da”, adierazi du. Diputatu nagusi izateko hautagaiaren esanetan, horrela izan da EAJ-PNVren ibilbide guztian zehar, eta baita azken zortzi urtetan ere.

“Emaitzak mahai gainean dituzue: 2015 eta 2023 artean, erdira jaitsi da langabezia Gipuzkoan, eta gaur egun %7koa da, guretzako erreferentziazkoak diren zenbait herrialderen parekoa, esaterako Suedia edo Finlandia”. Mendozak gaineratu duenez, enpleguaren kalitatean ere eman dira aurrerapausoak: 2015ean, lurraldeko kontratuen %72 ziren indefinidoak edo finkoak; 2023 honetan, zazpi puntu portzentual hazi da zenbatekoa (%79). “Zortzi urteko elkarlanaren emaitzak dira hauek guztiak. Zortzi urte hauetan, EAJ-PNVren gidaritzapean, Gipuzkoak aurrera egin du”, azpimarratu du.

Mendozak azaldu duenez, lurraldeak oinari sendoak ditu, baina herritarrek hainbat arazo eta kezka ere badituztela ohartarazi du, hala nola prezioen gorakada, alokairuen prezioak edota tipo aldakorreko hipoteka duten herritarrak jasaten ari diren maileguen garestitzea. “Errealitate honen aurrean, zer? Bi aukera ditugu: pankartak, pintadak eta ez-aren plataformetan gelditu, edo arazoei aurre egin, eta konponbideak bilatu. Eusko Alderdi Jeltzalearen hautua bigarrengoa da, hala izan da gure ibilbide politiko guztian zehar”, azaldu du. Diputatu nagusi izateko hautagaiak defendatu duenez, “noski akatsak ere egingo genituela, baina besteak barrikadetan zeuden bitartean, Eusko Alderdi Jeltzalea herria egiten aritu da. Guk etxeari eutsi diogu”.

Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek itxi du ekitaldia, herrigintzaren garrantzia nabarmentzeko erabili duen hitzaldi batekin. “Udal eta foru hauteskundeak ditugu laster eta herritarrei politikoki eta sozialki abertzalea den proiektua eskaintzen diegu”, adierazi du nabarmentzeko “gizon eta emakume librez osatutako Euskadiren alde lan egiten duela EAJk, behetik gora herria eginez, herritarren gehiengoaren eskutik”.

Demokraziaren iritsieratik, EAJk apustu estrategikoetan asmatu duela azpimarratu du. Industria, gizarte gaiak, ingurumena, euskara eta azpiegituren inguruan egindako urratsak aipatu ditu, baina horien guzien gainetik, “bide politiko eta demokratikoen alde” egindakoa nabarmendu du. Izan ere, ezker abertzalearen ibilbideari erreparatuta, gaitzetsi du “amnesiko” daudela eta, ETA desagertu eta 11 urte ondoren, ez dutela iraganean hartutako erabaki eta estrategien inguruan hitz egin nahi. “Euskaldunon eta abertzaleon artean, etorkizuna eraikitzeko garaian, herri balore batzuk partekatu nahi baditugu, zein moduko gizartea eraikiko dugu amnesiko bagara?”, galdetu du.

Noraez hori politikara ekarrita, gaitzetsi du ezker abertzaleak ez daukala gure herriarentzat proiekturik “ez industrian, ez gizarte gaietan eta ez beste alorretan ere”. Eta adibide bezala jarri du EH Bilduk Etxebizitzaren Legea babestu duela, gure eskumenak urratzen direla jakin arren. “Batzuetan konturatuta, iragan suntsitzailea izan dute, ez eraikitzailea behintzat. Eta bestetan, konturatu gabe egiten dute, baina beti etxekalte papera jokatzen. Ez dakite haizeak nondik jotzen dien”, salatu du.

“Amnesiaraen aurrean, memoria. Adanismoarenaurrean, errealitatea. Itxurakeriaren aurrean, benetakotasuna. Eta kopiaren aurrean, originala: EAJ”, erreibindikatu du.

“Horregatik, aurrera egiteko oinak lurrean behar diren bezala, eta burua argi behar da, proiektuak eduki behar dira, besoak zabalik elkarlanerako, eskuak lanean, euskara ahoan eta herria bihotzean. Horiek dira gure klabeak”, borobildu du.

Alkategaiak

EAJ-PNV eskualdez eskualde egiten ari den ekitaldi hauen funtsa Gipuzkoako bailara eta herri bakoitzak bizi duen errealitatea hobeto ezagutzea dela gogoratu du Mendozak. Horretarako, ekitaldian zehar hitza hartu dute alderdi jeltzaleak bailarako herrietan aurkeztu dituen hautagaiek. Jabier Altunak, EAJ-PNVren Azpeitiko alkatetzarako hautagaiak, ekitaldiari hasiera emanez, gailendu du konfiantzarik gabe gizarteak ez duela etorkizunik, horregatik “politika gaizki ikusia dagoen garai honetan”, pauso bat aurrera eman duten taldekideei eskerrak eman dizkie, “herrigintzaren aldeko apustua” egiteagatik. Horregatik, Azpeitiko herriari talde osoaren “umiltasuna eta lana” eskaini dizkio, eta trukean, herritarrei konfiantza eskatu die.

EAJ-PNVk prestatu duen hauteskunde-programan bildu diren proposamen zehatzak ere plazaratu ditu Altunak, “Azpeitian gauzak beste era batera egin daitezen, bultzada berri bat behar duelako gure herriak”. Langabeziaren aurka egiteko, industria moderno baten beharra eta ikasketa berriak herrira erakartzearen premia azpimarratu ditu. Era berean, merkatariak babesteko neurriak iragarri ditu, herria txukun mantentzearen garrantzia ere nabarmendu du eta segurtasunaren arloan, Udaltzaingoa indartu eta modernizatzeko beharra ere adierazi du.

Bestalde, Ana Azkoitia Azkoitiko alkategaiak bailararen aldeko mezua aldarrikatu du. “Herriek bailara osatzen dute, bailarek lurraldea, lurraldeek Euskadi. Bata maite duenak, beste hirurak maite ditu”, esan du. Gaineratu duenez, eta beste alkategaiei zuzenduz, hirurak ekitaldian egoteak “bailara indartzeko” balio behar duela gaineratu du, “elkarrekin partekatzen ditugun bailara mailako erakundeei indartsu eusteko, eta Urola Erdiak dituen proiektu estrategikoak elkarrekin gauzatzeko”. “Bailara modernoa eta aurrerakoia baldin bada, gure herriak ere hala izango dira. Bailararentzat landutako onurak, herriontzat ere onura izango dira. Horrek eskuzabaltasuna eta begirada zabala eskatzen ditu”, azpimarratu du.

Azkenik, Gari Mendizabal Zestoako alkategaiak esan du herriak aldaketa behar duela: “lidergo zintzoa, eta kudeaketa txukuna”. Esan duenez, EH Bilduk azken lau urtetan Zestoako Udalean egindako politikak “despotismo eta autoritarismo indibidualez” josita egon dira. Honen aurrean, EAJ-PNVk “pertsonak erdigunean” jartzen dituen programa aurkezten du, memoria, herriak behar dituen azpiegitura eta zerbitzuak, auzoen oreka eta trantsizio energetikoa landuko dituenak, besteak beste. “Konformatzen ez den herri bat amesten dut, argia eta garbia”, azpimarratu du, bere hautagaitza osatzen duten pertsonen balio eta gaitasunak nabarmenduz.