Foruen Abolizioaren 150. eta Alkate Mugimenduaren 50. urteurrena

“Euskal Herrian, gizon emakumeen eskubideak sortzetikoak ziren, zinez naturalak. Euskaldunek ez zituzten eskubide gisa ulertzen, beren kulturaren elementu konkretu gisa baizik, beren arbasoengandik antzinatik jasoak. Gizarte-antolaketaren parte ziren eta, askatasun grinez, zaintzen saiatu ziren, beren historia guztian zehar.

Atzerriko dominazioren bat onartzera behartuak izan zirenean, haren inperialismo kulturalaren beldur, euskaldunek beren aitzineko ohiturak idatzi zituzten eta botere menperatzaileari horiek errespetatzeko zin egin zezan eskatzen zioten”.

Maite Lafourcade zenak gisa horretan utzi zuen idatzita euskal foruen esangura sakona.

Batetik, belaunaldiz belaunaldi transmititu eta garatutako ohiturak, komunitatearen baitan lege izaera zutenak, euskal herritarron askatasun oinarri.

Bestetik, atzerriko nazioen aurrean, euskaldunon eskubide historikoen defentsarako iturri; errespetatu eta errespetarazi beharreko zorua.

Herri ordezkariak, herritarrak, lagunak, egun on:

Euskal senak ez du galdu memoria.

Hala erakusten dute gaur Bergaran elkartu garen herri ordezkarion zumitzek, makilek, tokian tokiko ikurrek.

Eskerrik asko, Bergarako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren deiari erantzunez, zuen testigantza batzeagatik ekitaldi politiko eta instituzional honetara.

Gipuzkoaren bihotzean, nahi dugu ahots batez aldarrikatu gure herriaren memoria, oraina… eta etorkizun gogoa.

150 urte betetzen dira foruen abolizioa jasan genuenetik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ordurako, nafarrek pairatua zuten ukazio bera; Bidasoaz gaindiko probintzietako azken foruak ere ezabatuak ziren.

Prozesu hark ez zuen nolanahiko eragina izan gure herriaren garapen historikoan, ekonomiko-sozialean eta kulturalean. Herri borondatearen gainetik ezarri zen, lurralde bakoitzak bere une historikoan eta bere berezitasunekin. Ekarri zuen mendez mende garatutako instituzio, eskubide historiko eta burujabetza politikoaren galera eta murrizketa.

Foruen oroimenak berresten digu enbor beretik sortutako adarrak garela. Nazio bat garela. Bihotz juridiko eta politiko bera dugula oinarri, herritarren libertateak bermatzeko eta komunitate bizitza antolatzeko. Orube historiko eta instituzional bera, gure herriaren askatasuna urratsez urrats eraikitzeko.

Muñagorriren bertsoek gogorarazten digute: “Bakarrikan fueroak dira gure kausa”.

Ez dira, ordea, dokumentu zaharretan edota marmolean jasotako ondare hutsa. Foruak egungo euskal erakundeon eta autogobernuaren oinarri-oinarrian daude.

Eta, aldi berean, iraungi ezinak eta ukaezinak diren herriaren eskubide politikoen jatorria dira. Horregatik, azaleratu nahi dugu eskubide historiko horiek eguneratzen jarraitzeko beharra. Subiranotasun eremuak gaur egunera eta etorkizunera proiektatzen jarraitzeko konpromiso partekatua, alegia.

Duela 90 urte, non eta Gernikako Arbolaren babesean, lehen Eusko Jaurlaritzaren gidaritza zin egin zuen Jose Antonio Agirre lehendakariak.

“Gure gurasoek, berea zena defendatzean, Foruak zuzenbidetik, justiziaren osotasunetik eta herri gisa zuten ohoretik defendatzen zituzten”, zion Agirrek.

Gerora, bonbek Gernika suntsitu zuten, euskal libertateak ezabatu nahi izan zituzten. Gure herriak zapalkuntza eta debekua pairatu zituen.

Diktaduraren azken uneetan, baina, Bergaran elkartu ziren Alkateen Mugimenduko kideek, Euskadiren aldarriaren lekukoa hartu zuten. Gure ikur nagusiaren, ikurrinaren, legeztatzea defendatu, euskararen ofizialtasuna exijitu. Lau haizetara adierazi zuten, foruak gogoan, euskaldunon eskubide politikoak iraungi ezinak eta ukaezinak zirela.

Gipuzkoako diputatu nagusi bezala, nik ere aldarrikatu nahi dut euskara, gure izanaren bihotz-bihotzean dagoen hizkuntza propioa. Oraindik ere hizkuntza berdintasunaren bidean asko dugulako egiteko.

Eta aldarrikatu nahi ditut herri honen nortasuna irudikatzen duten sinboloak, ikurrina barne, adierazten dutelako nondik gatozen, zer garen eta zergatik. Gure herriaren nortasun propioa irudikatzen dutelako.

Luis Mari, Jose Luis, Jose Antonio, Javier: Euskal Herriaren memoria bizia zarete.

Urrats bat eman eta herri honen duintasuna eta askatasun sena gorpuzten asmatu zenuten, beste hainbat eta hainbat alkaterekin batera. Herriaren eskubideen aldeko borrokan, katebegi sendoa atxiki zenuten. Eskubide historikoen defentsa, autogobernuaren aldarrikapena eta herri erakundeon berreraikuntza barnebiltzen zituen katebegia josi zenuten.

Euskal Herriko alkate eta udal ordezkariekin bat eginez, adierazi nahi dut Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean:

  • Euskal nazioa osatzen duten herritarrek beren etorkizun politikoa modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea dutela.
  • Beharrezkoa dela foru integrazioaren eta burujabetza osoaren bidean urrats berriak egitea. Horretarako, Euskal Herriko lurraldeen eskubide historikoak eta autogobernua eguneratzea, gaur egungo behar demokratiko, sozial eta instituzionaletara egokituz.

Euskal lurraldeoi dagokigu gure burua gobernatzeko eskubidea, akordioak bilatuz, autogobernu hori berritzeko eta garatzeko eskubidea. Horrela soilik lortuko dugu egungo eta etorkizuneko desafioei aurre egitea; garapen ekonomikoa, gizarte justizia eta subiranotasun politikoa oinarritzat hartuta, gure herria eta bere jende aurrera ateratzea.

Ibarretxe lehendakariak hala adierazi zuen Espainiako Kongresuan: Etorkizuna geurea da eta guk idatziko dugu, besteekin hitzartuz, baina geure eskuz idatziko dugu.

Mundu zabalean nahiz Europan hedatzen ari diren muturreko korronte populista eta autokratikoen aurrean, berresten dugu eskubide historikoen orubearen gainean, euskaldunon etxe komuna eraikitzen eta defendatzen jarraitzeko konpromisoa.

Euskal erakundeak, gure autogobernua, eskubide historikoen gainean eraikita dago. Historia komun baten emaitza dira, gure herriak gu eta geure burua gobernatzeko duen erabakiaren emaitza. Pertsona askoren konpromisoaren eta lanaren emaitza. Horregatik guztiagatik, autogobernua eta gure erakundeen lana aldarrikatzeak demokrazia aldarrikatzea dakar.

Era berean, posizio horrek eskatzen du, gure herriaren memoria gorde eta zaintzea, belaunaldi berriei transmititzea.

XIX. mendetik hona, gure herriak jasan ditu gerrak, ukazioa, debekua, erbestea, diktadura, indarkeria… sufrimendu asko.

Iragana ezagutuz eta oroituz bakarrik lortuko dugu, etorkizunari begira, erantzun eraginkorrak eraikitzea. Elkarlanean eraikitzea.

Euskal senak ez zuen oroimena galdu orain dela 50 urte eta hemen partekatzen dugun sentimenduari erreparatuz, ez du oroimenik galdu, gaur egun ere.

Etorkizuna esperantzaz bizi dugu. Julene Urzelaik zion iritsiko dela egun bat, non “Euskadiko zeruak gure ametsak babestuko dituen”.

Bergaran ahots batez diogu hemen herri bat badela, herri erakunde batzuk badirela eta egongo direla, gure aurrekoen lekukoa hartzeko prest, gure herriak izaten jarraitu dezan eta bere etorkizunaren jabe izan dadin.

Alkateen mugimenduko kideek duela 50 urte esan bezala, “bideko geldi-une honek lagun diezagula gure Herriaren etorkizun-gintzan kemen eta indarrez jarraitzen”.

Hala bedi.